Josu Iraeta
Idazlea

Zintzoa, argia eta zehatza

Berrogeita hamar urte “demokrazia” politikoa kontrolaezin luzetan, eginkizun publikoen agintea, kasta zahar baten pribilejio izan da eta da

Estatutik Estatura, sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia gutxienen arazoek modu desberdinak hartzen dituzte. Nazio-arazo bera ez da arazo berdina Jugoslavian, Italian, Frantzian edo Espainian. Horrela diote eta egia da.

Erakunde estatal bat daukagunean, eta nazio bat baino gehiago haren barruan, desberdinak beren artean (Estatu plurinazionala), zein izan daiteke jokabide hoberena: askatzea, beraz, nazio bakoitzak bere erakunde estatal berjabea burutzea? Estatu berean elkarrekin jarraitzea, federazio edo konfederazio gisa? Arazoa hori da.

Beharbada horregatik helburu zehatzak argi jakinarazi eta hauek denei ongi ezagutaraztea, derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioaz, elkarte nazional arrotzetatik Estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita, Estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik, Estatu espainolean demokrazia eskasaren baitan bizi garela, eman beharreko urratsak ongi neurtu behar dira.

Euskal ezker abertzaleak, –edo Antonio Gramscik, italiar idazleak esango lukeen bezala– “ezker abertzale historikoak” azken berrogei urte luze hauetan erakutsi du, –ongi erakutsi gainera– borrokan dakiela, eta orain, politika hutsa egiten ere maisu dela.

Berrogeita hamar urte “demokrazia” politikoa kontrolaezin luzetan, eginkizun publikoen agintea, kasta zahar baten pribilejio izan da eta da.

Gizarteari sinestarazi zaie, kudeaketa publikoak prestakuntza bereziaz gain, esperientzia handikoak, pertsona sendo eta fidagarriak behar direla, beraiek bezalakoak, naiz aspaldian ustelkeria ugari ikusi.

Garai berriak sortu nahi dira, eta garai berri horietara egokitzen ari gara. Orain arte, Euskal herriko gizarteak, biztanle kopuruak, –nahi ala ez–, erreferentzia garbi eta seguru bat izan dute azken hamarkadetan: ETA. Autoritate zaila, baina era berean irmoa. Kontrolatzerik ez zegoen justu zer zen, baina autoritate oso-osoa zen. Autoritate bezala osoki aitor zitekeena eta harekin osoki identifika zitekeen, nahiz ez partaide izan…

Orain? “gehienetan” nahiko erraza da, buruzagi-agintariei jarraitzea. Horiek zer diren eta zer dabiltzan ikustea, eta zein azkarrago bai edo ez, lehian dabiltzan arren, ez dira jendetzak behar zuten eta duten erreferentzia garbia izatea iritsi. Agian oker dabil gizartea eta ezin daitekeena eskatzen diote. Edo beste norbait behar dute goraino bultzatzeko.

Bestelako denborak dira, egia, baina gaur ere,  betiko dohainak behar ditu gaurko agintariak; zintzoa, argia eta zehatza. 

Egia da etsaiak –Estatu espainiarrak– gure sukaldeko altzari gehienak, askotan, hankaz gora jarri dituela eta ez dela erraza izan, bertan plater goxorik antolatzea. Egia , bale, baina nire ustez, Ezker Abertzalea osatzen duten Alderdiak, “lehen” ganbaran gordeta zegoena, indar berriekin emandako fusioa, argitara eraman  behar dute, gaurkotu, zoritxarrez, oraindik ez baita ongi ulertu.

Egoera asko aldatu dela egia da, baina betidanik, borroka luze eta gogorrez bakarrik lortzen da askatasuna. Beraz, nola edo hala, iraultza da eta lortzen denean festa izan ohi da. Gero, - ez dakit noiz-,  baina festa egunak pasatzen direnean, nazio sentimenduak epeltzen hasten dira. Arras normala. Arazo berriak laster agertuko dira, eta lehen hainbesteko garrantzia zuten gauzak –nazio hizkuntzak adibidez– garrantzi gutxiago ematen zaie.

Ataka hori ez da politikoen afera hutsa, baina egiazkoa da eta horregatik, kontuak garaiz ateratzea hobe. Egia baita, herri zapalduan aukera gehiegirik ez dela izaten, nazio hizkuntzak galdutakoa berreskuratzeko. Gaur bertan, gaztelania euskara zapaltzen ari baita. Horregatik entzuten dugu, tolerantea izan behar dela, zapaltzailearen hizkuntza besterik ez dakienekin. Ez dela gehiegi eskatu behar. Baina agian aukera gehiago izateak gogo gutxiago ere ekartzen ahal du. Eta nahi omen “luketelako” hartatik; ezin dutela, zaila dela, ez dela hain garrantzitsua…

Lehen nioen helburu zehatz eta argiaren ezagutza ezinbestekoa dela, orain gehiago sakonduz, berriro Estatuari begiratuko diot.

Helburuen arabera, estatu sortzeak teoria eskatzen du eta teoriak, adimena eta buruargitasuna. Ezinbestekoa da, gizarte zibilak pentsatzen duena jakin eta behar bezala  ulertzeko. Gizarte zibila ez baita batasun hermetiko bat, sailkatuta dago mila era, talde eta maila sozialetan.

Derrigorrezkoa ikusi arren, esperientziak erakusten du, Alderdiaren adimena, lana eta indarra, zuzen-zuzenean txertaturik beharrezkoak direla. Horrela, lan sendoa eginez, “borondate kolektiboa” lor daiteke, eta horrekin, aginpide politikoa eskuratzea posible da.

Nik horrela ikusten dut, baina hala ere kontutan hartzekoa da “borondate kolektiboaren” bidetik jo beharrak, uste gabean, agintariak aldatze hutsa ekar dezakeela. Eta hori ez da helburua.

Recherche