Edorta Agirre

Zuei botorik?

Kulturaren inportatzaile zarete, erosle hutsak, AEB eta Espainiako ereduak bakarrik dituzue ontzat. Hemengo kultura sortzerik ez omen zaizue interesatzen badaezpada.

Abertzale garen aldetik, ez da posible. Euskadi delako horren alde egin duzue, betiko nonbait, eta hori ez da Euskal Herria. Euskal Herria hitza sekula ez duzue aipatzen, EAE horrekin aski duzue (tira, EAE + Kantabria apendize naturala). Baina gu ez gara EAEtarrak, euskal herritarrak baizik. Hemengo indar politikoekin baino nahiago izan duzue beti kanpoko alderdiekin zernahi adostea, Madrilera begira bizi zarete, agian Euskadi hori ez delako herrialde baten izena, enpresa batena baizik. Estatutuarekin hau eta hura lortuko genuela esan zeniguten: zer moduz desarroilatzen ari da berrogei urteko gaztetxo hori?

Euskaltzale garen aldetik, ezinezkoa da: euskara arrotz duzue, eta merkantzia: euskararekin loturiko zerbait tarteka erosten duzue (gure dirutik, noski) baina ez duzue praktikatzen, ez duzue hizkuntza nazionaltzat aitortzen, hartzen, erabiltzen. Apaingarri modura daramazue egun seinalaturen batean jostorratzez lotua, baina itsatsi gabe. Ez zarete euskaltzaleak eta, horregatik, ez duzue inongo lotsarik gehien-gehien-gehiena erdaraz bakarrik agertzeko. Hamaika adibidez egiaztatzen dute hori baina aski nabarmenak dira hedabideen arteko diru-banaketa eta ETB fenomenoa: azkar asko ezabatu edo akabatu duzue euskararen presentzia telebistan! Batzuetan erakutsi nahi duzuen elebitasun epel hori zuen gezur behinena da, zuen elebitasun bakarra espainola-gaztelania da.

Langile garen aldetik, jai dago zuekin: patronala zarete beti, gehiengoa, langileria, bazterrean utzirik. Beharginari euskal administrazioko lantegietan sartzeko aukerak ukatzen dizkiozue, nepotismo (bai, entxufismo) gordina praktikatuz eta, ondorioz, lehiakortasunik ezaren emaitzak begi-bistan dira: kaskarkeria, erdipurdikotasuna, lardaskeria. XX. mendeko industria zaharkituaren alde egiten duzue, XXI.ekoari ateak zabaldu ordez. Herri diruak zuen artean partitzen dituzue.

Ekologista garen aldetik, ezin zaizue sinetsi: premia larriko abiadura handiko tren hura ezinbestekoa zen orduan, baina ez da egingo. Zubietako erraustegiaren inguruko informazio gehiena ezkutatu eta faltsutu egin duzue. Zaldibarreko tragediarekin zerikusirik ez duzuela azaldu nahi omen duzue, ibaietara egiten diren isuriak ez dituzue zigortzen, adibidez, trafikoko faltak bezain zorrotz. Baina beste 30 urtean gutxienez ikusiko ez dugun abiadura handiko trenari bidea egiteko basoak, harrobiak, errekak, akuiferoak… urratu dituzue, atzera bueltarik gabe.

Zergapeko garen aldetik, ez zaigu komeni gobernu hori, neoliberalismoaren printzipioak aplikatzen dituelako, gizakia bazterrean utzita. Karitatea justiziaren gainetik jartzen duzue. Ahal duzuena «esternalizatzen» duzue, etxean eta etxekoen diruekin egindakoa pribatizatu eta ateratzen duzue kalera, etxekoek eros dezaten azpikontratatuei. Kulturaren inportatzaile zarete, erosle hutsak, AEB eta Espainiako ereduak bakarrik dituzue ontzat. Hemengo kultura sortzerik ez omen zaizue interesatzen badaezpada. Filipinetako paradisura iritsi nahi omen duzue: bertako hizkuntza desagertuta, herritarrak antzinako izenekin bataiatu bai, (Aitor Mirena, Ugutzne) baina beste agerpenik ez izatea. Kode nagusia, bigarren eskuko ingelesezkoa, Madrildik barrena bertaratutakoa. Gure zergekin ordaindua izan arren, Osakidetzat ez du behar bezala funtzionatzen, nepotismoaren erruz. Igual-igualtxo, Ertzantzak eta beste hainbatek. Arduradun behar luketenak haren lehengusu edo bestearen maitale direnean, ardurarik ez, lanpostu hutsa baizik.

Herritar garen aldetik, hobe zuek gabe: euskalduna gorrotatzen duten poliziak erreklutatzeko erraztasunak ematen dituzue. Gezurretan ari zarete betidanik: armak edo armen osagarriak fabrikatzen dituzte enpresa askok, zuen benedikazio eta isiltasunarekin. Dagoeneko ez da «datorrenetik datorrela», honek patrika betetzen dizuelako. Kanpaina egiterik ez dagoenean kanpaina egiten duzue hedabide ofizialetan.

Ez luzatzearren: zuei botorik ez

Recherche