Arantza Gutierrez Paz
UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko irakaslea Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikerketa-taldearen kidea

Zurien nagusitasunaren apologia ETBn?

Nola onartu emakumeekiko mespretxua (aurkezlea kazetaria zen zalantzatan jartzeaz gainera, berarekiko jarrera paternalista mantendu zuen elkarrizketan zehar) nabarmen agerian jarri zuenari bozgorailua eskaini hedabide publiko batean?

Imajina dezagun telebista publiko batean ostiralero eskaintzen den iritzi-saio batean, pertsona beltz batek jasandako eraso bortitzaren inguruan eztabaidatzen ari direla. Imajina dezagun, saioko arduradunek zurien nagusitasuna defendatzen duen aditua gonbidatzen dutela, iritzi ezberdinak entzun behar direlako ustean oinarrituta.

Ezin imajinatu, ezta? Kode deontologikoaren kontrakoa litzateke arrazismoaren apologia egiten duen pertsona baten aldarrikapena jasotzea, ezta?

Jar dezagun pertsona beltz horren ordez, emakumea (beltza izan daitekeena), eta jipoiaren ordez, bortxaketa; eta arrazismoa justifikatu ordez, sexu-erasoa kolokan jartzen duena, edo erasoaren erantzukizuna emakumeari berari leporatzen diona, emakumeek ere erasotzen dutela aitzakiatzen duena gonbidatzen dugula, kazetaritza irizpideetan justifikatuta. Onargarria?

Hori da, hain zuzen ere, ETB2-k ostiraletan emititzen duen "360º Tú Decides" saioan gertatu zena maiatzaren 11ko saioan, San Ferminetako bortxaketaren biktimaren datuak eman ez ezik, bere testigantza kolokan jarri duen "Tribuna de Cartagena"-ko zuzendariari ahotsa eman zitzaiola; saio berean, emakumeak ere bortzatzaileak direla eta salaketa faltsuen argudioa azaldu zituen abokatu baten azalpena jasan behar izan genuen. Aurretik ere, apirilaren 28an, kazetaritza irizpide berberak erabilita, La Manada delakoaren defentsaren abokatuaren testigantza eraman zuten programara, Euskal Herriko kaleetan zegoen aldarriari muzin eginez.

Eztabaida, iritzi-trukaketa eta analisia omen dira saioaren helburuak, eta ez morboa, ikusgarritasuna eta polemika; eta kazetaritza irizpideen arabera aukeratzen dira gonbidatuak, gaurkotasunari begira. Horrela izanda, nola uler daiteke, emakumeak gutxiesten –saioan bertan agerian geratu zen legez– dituztenen iritzia jaso ez ezik, galderarik ez egiteko konpromisoa hartzea, hau da, zentsura onartzea, kazetaritza irizpideen arabera? Nola onartu emakumeekiko mespretxua (aurkezlea kazetaria zen zalantzatan jartzeaz gainera, berarekiko jarrera paternalista mantendu zuen elkarrizketan zehar) nabarmen agerian jarri zuenari bozgorailua eskaini hedabide publiko batean?

EITBk sinatu duen "Publizitate eta komunikazio ez sexistarako kode deontologikoa eta auerregulaziokoa" delakoan jasotzen denez, hedabideek honelako konpromisoa hartzen dute: «baztertu emakumeen aurkako indarkeria motaren bat dakarten argudio, esamolde eta irudiak. Saihestu emakumeen kontrako edozein indarkeria mota dakarren jokabide nahiz jarrerak erabiltzea edo justifikatzea». Eta hori izan zen, hain zuzen, gertatu zena, emakumeekiko indarkeria justifikatzen dutenei ahotsa eman zitzaien, erantzuteko aukerarik gabe, gainera.

Recherche