Ahal dugu?
Hemendik gutxira Europar Batasuneko hauteskundeak ospatuko dira. Honen harira, gogoratu beharra dago orain dela bost urte Podemos (Ahal Dugu) alderdiak izugarrizko ustekabea eman eta emaitza oso onak lortu zituela hauteskunde hauetan. Egun hartan Espainiako bipartidismo politikoa hautsiko zuen indar berri bat jaio zen. Alabaina, aldi berean, demokrazian ezagutu den mugimendu sozial handiena hil zen.
Podemos gauzak goitik behera aldatzera zetorren alderdia zen. Hein handi batean egia da aldaketa nabarmen batzuk egon direla bere etorreratik; besteak beste, herri mugimendu asko desagerraraztear daude (15-M, PAH…) eta manifestaldi kopurura izugarri murriztu da. Bestalde, badira aspektu batzuk berdin jarraitzen dutenak: prekarietatea, aberatsen eta txiroen arteko desberdintasunak edota langileen baldintza kaxkarrak. Honekin ez dut esan nahi Podemoseko kideen helburuak hauek zirenik, ezta gutxiago ere. Baina bai indar mediatikoek su- itzaltzaile gisa erabili dutela suturik zeuden kaleak itzaltzeko.
Izen ere, pertsonok, ez garenean ordezkatuta sentitzen, kalera atera ohi gara gure ideiak aldarrikatzera. Aldiz, eguneko ia 24 orduetan ezin hobeto hitz egiten duen mototsdun tipo bat nire aldarriak telebistan botatzen badabil, etxean geratzeko ohitura daukagu, ukabila bilduz eta esaten duen esaldi bakoitzari buruarekin sutsuki baiezkoa eginez. Erosoagoa da, baina horrek ez du ezer aldatzen, itxurakeria baino ez baita. Esan barik doa garrantzitsua dela instituzio publikoetan presentzia izatea; hala ere, horrek ezin ditu mugimendu sozialak zapaldu. Frantziara begiratzea besterik ez dago, non «txaleko horien» mugimenduak lorpen nabarmenak lortu dituen aste gutxitan eta instituzioetan egon barik. Podemosek, ordea, ezin izan du parlamentuetatik ekarpen esanguratsu askorik egin bost urte hauetan. Parlamentutik at? Nork daki… beharbada Ahal izango Dugu.