Aitek ez dute
Aitek ez dutela hiltzen, are gutxiago haien seme-alabak hil. Soilik munstroek hiltzen dutela. Askok lehen pertsonan ezagutuko duzue zenbaterainokoa den gurasoek haien seme-alabekiko duten maitasun eta bete-beteko ardura; beste batzuk ez dugu gure azaletan afektu hori esperimentatu baina, hala ere, pentsaezina zaigu aitak (eta gurasoek) txikienei min egiteko gai izatea, ezta? Besteari halako suntsiketak egoztea erreza da, ordea: emigranteari, zoroari, menpekotasunak dituenari, erlijio-fanatikoari. Aitari ordea ez, etxeko gure aitari ez.
Asko hitz egin eta idatzi da teoria feministatik erasotzaile matxistak munstro, animalia eta zoro gisa definitzeak dakartzan arazoez. Deshumanizazio hori ez da ustekabekoa eta inplikazio politiko argiak ditu: gizonek ez dute hiltzen, soilik burutik sano ez daudenek, gizakitzat hartu ezin direnek. Gaurkoan indarkeria matxistaren forma gogorrenetarikoaren kapitulu berri batek bete-betean jo digu. Gertatutakoaren mina ez ezik, askotariko titulu sentsazionalista eta morbosoak jasan beharko ditugu. Dohakabetasun baten erromantizazioa nola eraikitzen den ikusiko dugu. Adingabeen irudiak nonahi topatuko ditugu eta amek ere hiltzen dutela azpimarratzen dutenak agertuko dira Twitterren. Haurren aitaren kontra heriotza-zigorra eskatzen duten aldarriak irakurriko ditugu eta entzungo dugu baita gizatxar hori ez zela haurren aita, aita bat ez delako halakoak egiteko gai.
Zorionez edo zoritxarrez askok badakigu eta ozen esaten dugu gizon hori umeen aita zela. Aita, senarra, semea, osaba, lankidea, bizilaguna eta beste gauza asko ere bazela. Gutariko askoren antzekoa, azken finean. Kapazak gara egindakoa identifikatzen eta emakume baten kontra egindako indarkeria forma oro bezala, jazotakoa publikoki salatzen dugu. Ez dugu gizonaren «bestetasuna» azpimarratzen, ez baitago. Gure gizarte sexista eta bortitzean hezitutako gizon bat baino ez da, beste guztiok bezalaxe. Honen kontra ez dago salbatuko gaituen gartzelarik.
Halako egoeren aurrean «gaia ez politizatzeko» eskatzen dutenak ere entzungo ditugu, gaiaren izaera politikoa ezin ukatu gaudelarik. Familiaren intimitate eta dolua errespetatu behar ditugula argi utzita, bortizkeria honen inplikazio politiko eta sozialei erreparatu behar diegu. Gaur emakume, haur eta gazteen segurtasunaren aldeko aldarriak beste guztiaren gainetik entzun behar dira eta hala izan dadin oihukatu behar dugu, gizarte-babesaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako heziketa baten alde. Isilarazi ditzagun jarrera guztiz morboso eta punitibistak. Honek ez du esan nahi gorrotorik sentitu behar ez dugunik, nik ere gorrototik idazten dut gaur, baina, aldi berean, badakit irtenbidea ez dela inoiz 50 urteko kartzela zigor bat ezartzea. Ezta adingabeen irudiak Instagrametik zabaltzea ere. Nazkatik eta minetik idaztea eta hauek aldarrikatzea zilegia da, gorrotoa (des)eraikitzailea baita, maitasuna bezain beste. Estruktura oinarritik aztoratu behar dugu, inarra edonondik datorrela ere. Kokatu dezagun helmuga horretarantz gaur sentitzen dugun amorrua eta nazka.