Akats politiko bat
EH Bai koalizioan bilduak diren partido eta militanteek, erabaki dute beren azken biltzar nagusietan ezkerreko abertzaleek ez dutela parte hartuko Europako hauteskundeetan frantses Estadoan. Borroka politiko bat eramaiten duten mugimenduentzat akats politiko bat da erabaki hori, arrazoi desberdinentzat.
Europa, edo hobeki errateko Europar Batasunak bere Batzordearen bidez eramaten duen politika, eta Parlamentuan iragaiten diren eztabaidak, garrantzitsuak dira gure eguneroko bizian, bai eta borroka abertzale bat eramaiten dutenentzat ere. Parot doktrinari buruzko erabakia adibide bat litaike, baina Estrasburgoko auzitegia ez da zuzenki lotua bozketa honi. Lapurdi kostaldeko arrantzaleek, barnekaldeko laborariek, euskara hizkuntza arloan ari direnek, horren garrantzia ezagutzen dute. Azken legislatura edo legealdian, Euskal Herrian gertatzen ari zena salatzeko Bruselan eman diren prentsaurrekoak horren frogak dira ere.
Batzuek pentsatuko dute, hala ere, bestaldean parte hartuko dutela EH Bai-koek, Europar Parlamenturako bozketako kanpainan, eta beraz presentzia bat segurtatua dela. Arazoa da, Europa ispilu bat bezala ibiltzen dela, herri bakoitzak bere burua ispilu honen bidez ikusten baitu, besteen begiradari kasu egiten baitu, eta hiruen arteko indar harreman bat sortzen baita Bruselan, Parisen, eta tokiko mugimenduaren artean.
Bistan da, Iparralde batek, nahiz eta bozen %100a lortuz bere lurraldetasunan, ez duela sekulan eurodiputaturik lortuko, boz sistema antolatua den bezala. Baina kanpaina horrek bideak idekitzen ditu laguntza politikoak, aliantzak sortzeko, gure borrokak besteei ezagutarazteko eta elkartasun berriak sorrarazteko. Ate hori hestea bozketa izan baino zazpi hilabete aitzin, egiazko akats politiko bat da. Zeren herriko boz kanpaina luze bat gelditzen baita eramaiteko, eta sortuko diren emaitza politikoak kudeatzeko. Horien artean abstenzioa, politikaren sinesgarritasun eza, eta eskuin muturraren emendatzea. Martxoan abertzaleen alde bozkatuko duten milaka boz emaileei, horiek izendatuko dituzten hamarka auzapez eta kontseilariei, ez baldin bazaie abertzale bozkatzeko aukerarik emaiten deserzio bat bezala senditua izanen da, maiz. Zeren argi izan behar da : ez bozkatzea, xuri bozkatzea, zerrenda fantasma baten alde bozkatzea, esperientzia guzti horiek jadanik entseatuak izan dira, eta emaitzak zinez eztabaidagarriak izan dira, indartuz gainera eskuineko abertzaletasuna. Eta Hegoaldean kanpaina egiteak, militante ez direnentzat, erran nahi baita abertzale bozkatzen duten gehiengo batentzat, kanpaina ez egitea erran nahi du, haien egunerokotasunean.