Xuban Nafarrate

Aprobetxa dezagun momentua gure bidea eraikitzeko

Duela pare bat hilabete “Parot doktrina”-ren inguruko euro-aginduaren harira, TVN komunikabide poloniarrak artikulu bat argitaratu zuen oraindik Espainiako Estatuan aplikatzen diren salbuespen egoerei buruz. Berri hori irakurrita, hango lagun batzuek zenbait galdera egin zizkidaten, zarpailkeria antidemokratiko horri zentzua eman nahian. Azaldu nien zoritxarrez “Parot doktrina” estruktura errepresibo zabal baten adar bat baino ez zela, oro har Euskal Herriko jardun politikoa oztopatzeko eta geldiarazteko asmo zuena.


Zentzugabetasuna da, azpimarratu nien solaskideei, gehienbat nabarmentzen den ezaugarria Madrilgo gobernarien artean. Are gehiago, Euskal Herriko egungo egoerari erreparatuz gero, non argi definitu baita herriak aukeratutako bidea nazio-gatazka konpontzeko. Jasotako erantzuna neurri errepresiboen berpiztea izan da, Herrira elkar- tearen ilegalizazioa horren adibide hurbila. Azkenaldian hauteman izan dugun biolentzia bakarra Gobernuak aurrera eraman dituen politiken eskutik etorri da. Ondorioa despotismo ekonomiko bat izan da, zeinetan kapitalaren eta horren jabeen defentsarako politika bat gailendu baita, hiritarren eskubideen bermearen gainetik, betiere. Gainera, manifestazioak eta mugimendu sozialak hasi diren heinean, poliziaren bortizkeria ere era berean igo da modu esponentzialean Estatu osoan.


Badirudi Gobernuaren zilegitasunak garai kaskarra bizi duela. Hori bideratzeko, Alderdi Popularrak bere estrategia politiko klasikoa berreskuratu du. Horretarako, aberatsenen alde kokatzeaz gain, Estatuko sektore atzerakoienen konfiantza eta konplizitatea bilatu du, abortuaren lege berria ezarriz, esaterako. Faxismo zaharminduenaren doinuaz eta justizia fosilizatu baten erritmoarekin batera eramaten dituzte aurrera euren politikak, txaranga karrankari eta entzunezin batean.
Beraz, aprobetxa dezagun momentu ezin hobe hau gure bidea eraikitzeko eta salbuespen egoerak indar handiagoz salatzeko. Defenda ditzagun gure eskubide politikoak urtarrilaren 25ean Gasteizen, eta sor dezagun harresia berez gureak diren eskubideak aldarrikatzeko.

Recherche