Koldo Camon Erostarbe I Mendiola

Arrisku handiko egoerak

Mercadona merkataritza-gunea gure hiriko Heraclio Fournier kalean (A-2130 tokiko errepidea) ireki zenetik egunero eta era sistematikoan arrisku handiko egoerak suertatzen ari dira auto-gidari asko bertara sartzerakoan, bertatik ateratzerakoan edo bere inguruan aparkatzerakoan jokatzen ari diren moduengatik. Hain zuzen ere, oso ohikoak dira hiru egoera hauek, nahi izanez gero edozein egunetan egiazta daitezkeenak:

1.- Merkataritza-gune honek lur-azpiko aparkamendu handia badu ere eta bere inguruan aparkatzeko leku franko badago ere,  gidari askok bere kotxeak bigarren ilaran aparkatzen dituzte A-2130 tokiko errepide horretan Zubigarai norabiderantz, auto-ilarak eta aurreratze arriskutsuak sortuz gure hirira sartzeko eta ateratzeko asko erabiltzen den errepide batean.

2.- Bigarrenez, askotan Zubigarai norabiderantz A-2130 tokiko errepideko esku-aldean ondo aparkatuta dauden autoek maniobra batzuen bidezko 180ºko bira egiten dute Gasteiza itzultzeko, arrisku handian jarriz hirira sartzera doazen autoak edo bertatik Zubigarairantz doazenak.   

3.- Azkenik, kotxe asko A-2130 tokiko errepidean aparkatzen dira Gasteiza begira, hau da zirkulazioaren norabidearen aurka. Berriro martxan jarriz gero hirira doan erreira pasatzerakoan,  Zubigarairantz doan erreia zeharkatzen dute, berriro ere arrisku latzak sortuz.

Aurreko horri guztiari gehitu beharko genioke aparkatzeko erabiltzen duten Heraclio Fournier kaleko zati hori ez dela batere hiriko kale arrunt bat, baizik eta tokiko errepide bat. Ez dugu ahaztu behar egunero Gasteiztik ateratzeko edo bertara sartzeko hegoaldeko tokiko errepide hau ehunka gidarik erabiltzen dutela N-104 Gasteiz-Iruña errepiderantz ala A-132 Lizarrarantz joateko, haien artean eta  askoz maiztasun handiarekin    Mendiolako, Monasteriogurengo, Otazuko, Gamizeko, Bolibarreko, Uribarri Nagusiko eta Okinako biztanleak, besteak beste.

Irtenbideak errazak dira:

1.- Debekatzea Esmaltacione Errotondatik Zubigaineraino bigarren ilaran aparkatzea, horretarako beharrezko marra gorria margotuz.

2.- Aipatutako zonalde bereko errepideko erdian marra jarraitua margotzea.

Recherche