Ixidro Gabirondo

Atxa

Itziar, Deba eta inguruko presoen senideek, ederki ezagutzen genuen Mikel Oñederra , ‘Atxa’.

Beti prest zerrendetan sartzeko, bisitetako hutsuneak betetzeko… bere esku bazegoen ez zen ez presorik bisitarik gabe geratuko. Eta sarritan, senideren bat joan ezinik zebilenean, kotxean hartu, bisitara eraman eta gero etxera bueltan ekarriko zuen, nahiz eta bera, bisitarik gabe, kartzelako atean geratu.

Horrelakoa zen gure Atxa. Mutil ona eta jatorra inor bada; beti presoei eta senideei laguntzeko prest. Makina batekin badiagu, baina hirekin bereziki, Atxa, inoiz kitatu ezingo diagun zorra.
Nire anaia kartzelatik irten zenean, hainbat eta hainbat urtetan pasatzea tokatu zitzaiguna oso gogorra izan zela esan nian nik, baina bide ikaragarri luze horretan inoiz ez ginela bakarrik sentitu. Eta hori esatean hitaz ari ninduan, Atxa, beste askoren artean, bai, baina hirea gurekiko apartekoa izan dela azpimarratu nahi diat.

Eta orain joan egin haiz. 48 urte besterik gabe, eta oraindik bizitza oso bat aurretik huela, gaixotasun malapartatu bat tarteko, joan haiz, eta hemen geratu gaituk gu, gure esker ona, behar bezela adierazi ezaren sentsazioarekin.

Mila esker Atxa; besarkada bat hire senide eta lagunei.
Agur eta Ohore Atxa!!! Gure laguna... gure ‘Mirentxin’ partikularra…

Recherche