Atzo hamar urte
Esku artean pankarta. Igorren hilketa salatzea dugu xede. Ustekabean telefono hotsa. Berri txarra dakar. Ezinegona nagusitu da. Zurrumurrua sumatzen da, ahopean. Ametsgaitzak ez du akaberarik. Egia da. Gertatutakoa ezin dugu sinetsi: Baru erail dute.
Atari batean gaude laguna eta biok. Greba deialdia aterik ate zabaldu nahian. Halako batean, baina, auzokide batek kartela kentzea exijitu digu. Gu, idealei so eginez, bere eskaerari uko egin eta ohartu naizenerako adinduak aurpegian kolpatu du nire kidea. Amorrua biderkatu da. Gaztetasunak, agian, ez digu utzi konprenitzen. Bada, atzo hamar urte, hogei nituen. Halere, oroit ditut egun horiek, istant ttipi-ttipia iragan izan balitz bezala. Hamaika sentipen batera: gorrotoa eta ezintasuna, atsekabea eta oinazea.
Txikitatik ezagutzen nuen Roberto, hazten ikusi ninduen horietako bat baitzen. Lasaia, zenbaitetan isila zirudien; itxura besterik ez zen, ordea. Konpromiso handiko militantea, langilea, beraz. Horrela, hain zuzen ere, deskribatzen zuen bere burua: gizarte-klase gorenenaren parte gara, hots, langile-klasearena. Baruk hori erabat argi erakusten zuen, herriko hainbat borrokari babesa emanten zien eta. Oso gogoan dut biltokira hurbildu eta gazteoi aupada eman ohi zigula.
Horregatik guztiagatik urrundu zuten gugandik; bere herriaren defentsan borrokatzeagatik, baita elkartasuna erakutsi izanagatik ere. Gartzelan sartu zuten ganorazko arrazoirik izan gabe, eta guda zikin honen biktima bilakatu da.
Herrira itzuli zinen Baru, ez, ordea, guk nahi genuen bezala. Arratsalde goibel hartan, zu omentzeko irrikaz ziren milaka lagunek hartu zituzten Portugaleteko kaleak. Polizien ejerzitoak ere gertu ziren herri xumearen aurka egiteko. Guk, ostera, harrotasunez erakutsi genien ez gaituztela beldurtzen, eta tematzen badira ere, amets egiten jarraituko dugula gure herria askea izan arte.
Ez adiorik Baru, maite zaitugu!