Aritz Soloeta Garmendia

Aukera bakarra

«Emakumea gizonezko antzu bat bezalakoxea da. Bere izaera natural hotzagatik, ez da ernalketaren azken prozesuan esperma behar bezala artatzeko gai. Emea, laburbilduz, ar akastun bat besterik ez da»; Aristoteles (K. a. 384-322 ). «Jainkoak gizonezko bat sortu eta bular gihartsuak oparitu dizkio, ez mokor zabalak, gizonak toki horretan jakituria errezago pilatuko baitu. Aitzitik, emakumearen errealitatea bestelakoa da. Emakumea zikina da oso, eta baita jakituriaz baliatzeko ezgaia»: Martin Luther (1482-1546). «Emakumea gizonezkoa gogobetetzeko sortua da, horrela bada, emakumeak gizonezkoa begirunez zaintzen ikasi behar du derrigorrean. Kontsolatu, ederrenak balira bezala artatu, beraien bizitzak eztitu; horra, beraz emakumearen benetako egin beharrak, haurtzarotik irakatsiko zaizkionak»; Jean-Jacques Rousseau (1712-1778). «Naturak gure esklabo balira sortu zituen emakumeak. Zeinen burutazio inozoa sexu-berdintasunaren aldarrikapena. Emakumea, haurrak ekoizteko makina besterik ez da»; Napoleon Bonaparte (1769-1821). «Izadian, emakumeak ez dira adimentsuak. Iragarpen guztien aurka joan arren emakumeren batek kontrakoa frogatzen badu, emakume horren sexu organoan malformazio bat dagoela agerikoa izango da»; Friedrich Nietzsche (1844-1900).

«Follaputas». Nork daki. Beharbada, Iruneako polizia munizipal hau, goian aipatu ditudan gizonen tankerako pertsonaia historiko bilakatuko da etorkizunean. Egoera horrek, berak emakumeeen inguruan nohizbait egindako gogoeten berri jakiteko parada eskainiko digu. Ezizen bitxi honek bestalde, beste hainbat kezka pausatu ditu nire barrenean, Ezagun du Enrike Maiak pertsonaia honen ezizena? Zein da «follaputas» delakoak Nagore Laffageren hilketaren inguran duen benetako iritzia? Emakumeen garapenaren inguruko erakundearen arabera (Unifem), hamar emakumetik seik indarkeria pairatzen dute beraien etxean, izan, fisikoa, sexuala, psikologikoa, edota ekonomikoa. Urtero 1,5-3 millioi neska eta emakume erailtzen ditu indarkeria sexistak. Pornografia eta prostituzioa zilegi diren herrialdeetan, gainera, ohikoagoak dira emakumeen aurkako erasoak. Beraz, munduko estatuen oniritziaren babesarekin, emakumeen aurkako gudak munduan biktima gehien eragiten dituen gatazka da oraindik ere. Emakumeen bizitzak egoerarik onenean ere, mingarria izan behar dute oso. Gobernua tronpatu, ekonomi eredua deuseztatu, automatizazio orokor bat gauzatu eta gizonezkoen sexua ezereztea da egoera tamalgarriari irtenbide bat bilatzeko emakumeek duten aukera bakarra. Egun, badira gainera gizonen laguntzarik gabe ernaldu edota emakumeak bakarrik ekoizteko aukera tekniko beharrezkoak. Iruneatik iritzi zaigun azkeneko berriari jarraituz gogoratu iezaiguzue, beraz, emakumeok, «follaputas»-i eta bide batez gu gizonezko guztioi, gure iraupena ez dela jada zalantzak sortzen dizkizuen arazo bat, maskulinitatea, istripu biologiko baten ondorioa besterik ez dela aspaldi ulertu baitzenuten. 

Recherche