Aukera historikoa galdu du EAJk Bergaran
Urriaren hasieran jakinarazi zuen Bergarako Udalak hondakinak biltzeko sistemaren inguruko galdeketa egingo zuela. Berri pozgarria zela adierazi genuen Bergarako Irabazik eta EH Bilduk. Birziklatze-tasa onargarriak dituzten sistemen artean herritarrek erabakitzea oso egokia dela uste dugu. Are gehiago, sistema mixtoa jada ezagutzen dugunean eta iritzi propioak edukitzeko nahikoa elementu ditugunean.
Bergaran, Udalak antolatuta egingo den lehenengo herri-galdeketa izango da hau. Bazegoen prozesua ondo egitea baina Udal Gobernuak bestelako hautua egin du: guztion gainetik pasa eta inorekin ezer adostu gabe gaizki antolatutako galdeketa planteatzea erabaki du. Bazuten Eskoriatzan bezala adostasunetara iristeko aukera. Ez dute nahi izan.
Honako hauek dira baieztapen hau frogatzen duten zenbait gertakizun:
1) Urriaren 22an, osteguna, jakin genuen, aurrez hitzik gurutzatu gabe, astelehenean (urriak 26) onartuko zela galdetegia arautzeko ordenantza.
2) Irabazik eta EH Bilduk hala eskatuta astelehenean, urriak 26, elkartu ginen EAJrekin prozedura adosteko borondatearekin. EAJ guztiz itxita zegoen eta ez zuen ezer adostu nahi izan inorekin, horretarako aukerak zeuden arren.
3) Ez dute galdeketan egungo sistemaren inguruan zuzenean galdetu nahi izan. Jendea nahastu asmoz, egungo sistemari Atez Atekoa deitu diote eta 5. edukiontziaren aukeran ez dago inolako zehaztasunik. Nahita egindako hautua da. Egungo sistemaren alde daudenak nahastea helburu duena eta bosgarren edukiontziaren aukera lehenesten duena. Beraz, galdera bera tendentziosoa eta maltzurra da oso.
4) Osoko Bilkuran galdeketa egiteko prozedura onartu zen EAJren eta PSEren aldeko botoekin. Gerora, inori ezer esan gabeko aldaketak egin dituzte prozeduran, tartean aldaketa hauek aztertzeko aukera ematen zuen Osoko Bilkura egon bada ere. Ez dute nahi izan. Ez dakigu legezkoa ote den egin dutena. Dakiguna da ez dela zilegia.
5) Eskutitz hau idazten ari garen honetan, azaroak 12, Irabazik eta EH Bilduk ez dakigu Madrilgo Ministroen Kontseiluak galdeketa baimendu duen eta egiteko aukerarik egongo den. Noiz eta galdeketaren kanpaina hastear dagoenean.
Hala ere, eta guk galdeketan parte ez hartzea eta beraz beraien nahia inposatzea bilatzen badute, oker dabiltza oso.
Bergarako Irabazik eta EH Bilduk hondakinak biltzeko sistemaren inguruko galdeketan parte hartzeko deia egiten dugu eta boto naranjan egongo den Atez Ateko aukeraren aldeko bozka eskatuko dugu, jakinda boto horrek egungo sistema mixtoa defendatzen duela eta ez Atez Ateko sistema.
Lehenengo herri galdeketa eredugarria izateko baldintza guztiak zituen EAJk eta txapuza handi bat egitea erabaki du. Pena da benetan, behin herritarrei galdetuko eta baldintza hauetan egitea.