Juan Luis Mugertza Unanue

Auzokideak

Sasoi batean gehiago ziren, baina beti egon dira aldamenean, askotan jabetu ez garen arren. Halarik ere, egoera honek lagundu beharko luke elkarrengandik gertuago egoten, elkar hobeto ezagutzen. Izan ere, hauek bestelako filosofia dute natura ulertzeko, barruko sentimenduak adierazteko. Hauek maitasuna erakusteko ez dute, gure antzera, bi metroko tarterik uzten, ezta txalorik jotzen ere. Hauek kantua (nork bere kantua) erabiltzen dute, bereziki sasoi honetan, gustuko erakartzeko, eta isildu gabe, hantxe egoten dira goizean goizetik gure kalbarioa arintzen, guk sarri askotan beraien abotsa isilarazten dugun bitartean. Ez dakit zeuenera hurbildutako auzokide berriak nolakoak izango diren (ez dut uste oso bestelakoak izango direnik), eta hartutako gustuko lekua non izango duten, baina gurera etorritako batek antena parabolikoan topatu du gogo lekua ahotsa ozentzeko, ondokoak liluratzeko, edota berriak entzuteko, eta ez dakizue zer nolako abotsa duen. Beraren gainean egindako kanta baten zatitxoa ikasi nahi baduzue, eta gero berarekin batera etxean kantatu (“Atzo goizean goiz yagi nintzan, birigarroa goizago; birigarroan kanta soinuan lo eiten dogu gozaro”), aukera ona izan daiteke, ezta! 

Recherche