Eluska Aizpurua Sanz, Atxiki Añorga auzo mugimenduaren izenean

Auzotarrekin landu ezean...

Duela aste batzuk udaletxean artatu gintuzuen, gu eta auzoko beste eragile batzuk ere, zuen etxebizitza proiektua azaltzeko. Amaitzean gure iritziak eta kezkak adierazi genituen, baina antza danez ez zenituzten jaso. Izan ere, asteartean auzora etorri eta auzotarroi azalpen bera eman zeniguten, zuen diskurtsoan ezer ere aldatu gabe.

Are gehiago, zuen proiektu honek auzoarentzako hobekuntzak ekarriko dituela esaten diguzue. Hauek dira zuen hobekuntzak: inork eskatu ez duen eta gure auzo txikian lekurik ez duen bidegorri bat jartzea, gaur egun ditugun doako aparkalekuak kendu eta 18.000 eurotan ordaindu beharreko plaza pribatuekin ordezkatzea, sarrera eta irteera bakarra duen auzo honetan kotxe kopurua biderkatzea, jada elkargune gutxi eta kultur-etxe, osasun zentro, liburutegi eta abarrik ez duen auzoan 250 etxebizitza gehiago eraikitzea...

Baina astearteko bilera ezberdina izan zen, auzotar asko eta asko bertaratu bait ginen gure haserrea adieraztera eta zuen lotsagabekeria leporatzera. Tormenta hala moduz jasan zenuten, trebatuta zaudete, eta argi esan zeniguten auzoan ez dela parte-hartze prozesurik egingo.

Proiektua birdimentsionatzeko modu bakarra promotora indemnizatzea dela ere esan zeniguten, bere eskubideak errespetatu behar direlako.

Eta non daude zergak beste guztiek bezala ordaintzen ditugun auzotarron eskubideak? Non auzo bizigarria bizitzeko oinarrizko eskubidea?

Badakigu zuek, PNVk, historikoki gure auzoan ez dezutela bozka gehiegi lortu, dirua baino bizigarritasuna lehenesten dugulako, inposizioa baino elkarlana lehenesten dugulako, eta hori ordaindu egiten da.

Jakin ere badakigu gure auzoa ez dela turistikoa, baina ez al zarete donostiar guztion udaletxea, gurea ere bai?

Iazko irailean auzoak abestu zizuen bertsoarekin amaituko dut, zuek berdin jarraitzen dezutenez, guk ere berdin jarraitu beharko dugulako:

Añorga Txikin etxe berriak
egitera datozela.
Aizu, alkate, jakin ezazu
jendea kontran badela.
Masifikazio eta arriskuak,
auto ilarak, kolapsoak.
Auzo bizitza non dago?
A zer proiektu ustela!
Auzotarrekin landu ezean
paren izango garela.

Recherche