Juan Luis Mugertza Unanue

Barometroa

Atmosferaren egoera neurtzeko eta iragarpen meteorologikoak egiteko, paretan, asper-asper eginda, egon ohi den erloju itxurako tresna bada ere barometroarena, bestelako dimentsioa neurtzeko ere balio duela ezin uka. Izan ere, barometroak gizartearen osasun egoera nolako den jakiteko oso neurgailu egokia da. Estatu espainolean, esaterako, hilean behin –abuztuan izan ezik– egin ohi dute erradiografia, eta orduantxe (lehenago ez, antza) jabetzen dira zer nolako beharrak edo nahiak dituzten. Horretarako, 2.500 pertsona aukeratzen dira, begi neurriz, eta ondorio batzuetara heltzen dira. Esaterako, oraintsu arte Kataluniakoak jende asko kezkatzen bazuen ere, orain ustelkeriak, langabeziak, jenero indarkeriak… aurre hartu diote, eta hobeto bizi omen dira, lasaiago. Gurean (?), hots, Euskadin, tarte luzeagoa izaten dugu barometroek adierazten duten presio atmosferikoaren neurri unitatea neurtzeko: hilero egin beharrean, sei hilabetean behin egiten baitugu. Dirudienez, Autonomia Erkidegoan, galderaren tamainari (independentzia, hezkuntza…) erantzuna emateko denbora gehiago behar izan ohi dugu, eta orduantxe (lehenago ez, antza) jabetzen gara, espainiarren antzera, gure osasun egoera nolakoa den. Nik ez dakit zuek, baina ni irrikatan nago Euskobarometroak, Deustobarometroak… ahoa zabaltzeko, eta gure gizartean berri emateko, nahiz eta jakin aldez aurretik zer esango duten: «Gurean, Espainiarekin alderatuta, hobeto bizi gara». Bai, ilusioa egin ohi dit tankera horretako iritziak telekomunikabideetan entzuteak; gainera, horrek laguntzen dit gure mapa, gure hizkuntza, gure baloreak… hobeto kokatzen; eta nola ez, zoriontsuagoa egiten. Entelegua neurtzeko bese anekdota bitxi bat: Metroskopiak ("El País"-ek) egindako azken sondeoan, egun, hauteskundeak eginez gero Ciudadanosek lortuko lituzke boto gehien.

Recherche