Isabel Artieda Urrestarazu, LABeko arduraduna Nafarroako Administrazioan

Begi-bistan jar ditzagun ere euskararen aurka daudenak

Jakina da Euskaraldi bete-betean gaudela. LABek eta berau osatzen dugunok argi dugu zein den lehentasuna 11 egun hauetan: bularrean belarriprest edo ahobizi txapa jarri eta euskara ahalik eta gehien egin dadila bermatu. Izan ere, ekimen erraldoi honek, denok ezagutzen dugun Joxean Artzeren poemaren izpiritua jarraitzen baitu, «Hizkuntza bat ez da galtzen...». hasi eta «dakitenek egiten ez dutelako baizik» bukatzen dena.

Alabaina, euskararen bidea berez bada malkartsua, are gehiago da gure Nafarroa honetan. Bereziki, badaudelako bide zail horretan harri koxkorrak edo arrokak jarri, eta horrela igarobidea are zailago bihurtzeko konbentzimendua dutenak. Eta euskara plazara ateratzeaz gain, horiek guztien argitan jartzea ere ezinbestekoa da.

Hori dute helburu, hain justu, aste honetarako deituak zeuden bi elkarretaratzek: bata ostegun eguerdian izan zen, NUPeko Iruñeko campuseko liburutegi aurrean Kontseiluak, LABek eta ELAk deituta. Hor UGT sindikatuaren jarduna salatu nahi da, Tuterako hiru plaza betetzeko prozedura errekurritu baitzuen deialdiak euskara baloratzen duelako. Bestea ostiralean izan zen, 12.00etan, Lurralde Kohesiorako departamentuaren aurrean. Euskararen Defentsarako Sareak deitu du eta PSNren gobernuaren jarrera salatu zuen, eta errepideetako seinaleak euskaraz ere jar ditzatela eskatu.

Beraz, hemendik eta igandera bitarte, LABek euskaldun eta euskaltzale guztiak animatu nahi ditu bai Euskaraldiaren baitan antolatzen diren ekimenetan parte hartzera, eta bai euskarari buruzko bestelakoetan ere parte hartzera. Euskara bera mihi puntan eta begi-bistan izatea garrantzitsua den bezala, ezinbestekoa baita bere aurkako «gurutzada» egiten dutenak ere bistatik ez galtzea.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche