Beharrezko aldaketak
Duela gutxi, asteburu berean, Ertzaintzak bi salaketa jaso ditu: lehenengoa, emakume kolonbiar batena; lekukoen arabera, ertzainak kolpeka jarraitu zuen lurrera bota ondoren eta konorterik gabe zegoela; ospitalean garuneko edema eta paralisi partziala diagnostikatu zizkioten. Orain, Ertzaintzak barne ikerketa bat abiarazi du gertatutakoari buruz, eta hori beste batzuetan ere egin du, hala nola ertzain batek gizon bati Irunen egindako erasoan edo Eneko Valdesi eragindako heriotzan, agerraldi psikotiko bat izan eta «Bizkor» taldeko Ertzaintzako kideek murriztu ostean.
Esan beharrik ez dago Ertzaintzaren barne ikerketa berri honek, beste batzuetan bezala, ez duela justizia egiteko balioko.
Ertzaintzaren barne ikerketek asko balio ez badute, nik uste dut epaitegian ere ez direla gauzak ondo egiten, eta horren froga dira, besteak beste, Nafarrate, Cabacas edo Zarra kasuak.
Bigarren kasua Gasteizen gertatu da. Antza denez, futbol txapelketa bat antolatu zen sare sozialen bidez. Torneoaren une jakin batean dozenaka ertzain agertu ziren eta, lekukoen arabera, modu txarrean identifikatu zituzten bertan bildutako batzuk, giro txarra sortuz. Gero, polizia dispositiboa ustezko gaizkile arriskutsuekin justifikatzen badute ere, onartezinak dira jendearen tratu txarrak, niretzat.
Bestalde, idazki hau bidaltzear nagoenean, jakin dut Ertzaintzak Gasteizen berriro kargatu duela justiziaren eskaeraren aurka, martxoaren 3an jazo ziren gertakariei buruz; beraz, jarduera berri honek, niretzat behintzat, idatzian esan dudan guztia berresten du. Orduan, puntu honetara iritsita, pare bat gogoeta ditut: lehenengoa, gizarte antolatzeko eredua aldatu gabe, posible al da pertsonak duintasunez tratatuko dituen Polizia bat? Nik, zalantza asko baditut ere, baietz uste dut. Baina, era berean, uste dut, besteak beste, epe luzera polizia jarduera egoki bat bermatuko duen gauza bakarra gizarte ereduaren aldaketa bat dela, besteak beste justizia demokratizatuko duen antolaketa egitura desberdin bat ahalbidetuko duena.