Bertsolari vs. politikari
Uda giro Donibane Lohitzunen. Kantauri itsabazterrean, Artxiloako gurutzetik hurbil, Baratze Botanikoa. Honen sarreran areto txiki polit bat zuhaitzen artean. Hirurogei bat lagun bildu da eta gehienek lepo inguruan daramate bat bateko itzulpena entzuteko kaskoa. Lehenik eta behin, antolatzaileei eskertu behar diegu bertsolaritzaren mundua euskara ulertzen ez dutenei zabaltzeko ekimena.
Soinu probak egiten eta nire interprete txokoa prestatzen ari nintzela, jende mordoxka sartzen hasia zen eta erran bezala gehienak kaskoekin. Horrek nolabaiteko poza eragin zigun Baratzeko eta Euskal Kultur Erakundeko antolatzaileei, baita Sustrai eta Odei bertsolariei eta neri ere.
Aldi berean eta ohikoa den bezala horrelako mintzaldi baten itzulpenari ekin aurretik, bi protagonistekin eleketan izan nintzen aurkezpenaren nondik norakoak aipatuz eta gehienetan gertatzen den bezalaxe hizlariek, beren hitz jarioaren abiadurarekin kezkaturik, nola hitz egin behar zuten galdetu zidaten. Erantzuna bat batekoa izan zen : «ez kezkatu nitaz, badakit zuekin lan errexa izango dudala».
Banekien. Haien, hitz egiteko maneran, begiradan eta posturan oro har sentitzen nuen. Nere baitan ere sentitzen nuen. Hauek ez dira politikariak. Hauek, 10 minututan erran daitekeena 10 minututan erraten dute. Beharrezkoa ez denik ez dute aipatuko, hitz baten inguruan ez dira bueltaka ibiliko. Eta gainera, entzulegoak ulertuko du ! Nik ordea, ez dut ulertzen nola batzuei bururatu ote zaien bertsolariek politika egiten dutela. Hasteko, argi da politikakeriarik ez dutela egiten. Zergatik ?
Bertsolariak direlako ! Gauzak ezin argiago azaldu dizkigute Baratze Botanikoan. Ulertu dudanez, haien mailako bertsolariek dohain bat izateaz gain, ez baitezpada jainkozkoa, bertsolaritzaren arauek eta osagaiek beren burmuinak egituratu eta bilakatu dituzte. Bertsoak botatzea komunikazio ekintza bat dela adierazi digute. Hots, emaileak hartzailea bera eta testuingurua kontutan izan behar dituela mezua ulertua eta barneratua izan dadin. Gero arau bereziak edo mugarriak aipatu dituzte. Bertso batek arau batzuk bete behar ditu. Metrikak alde batetik, errimak bestetik.
Aldiz, mintzaldi gehienetan badirudi hizlarien gehiengo baten kezka edo ardura ez dela entzulegoari mezu bat helaraztea, baina nartzisismo hutsezko ariketa batean norberak bere hitz maiz ponpoxoak entzutea. Eta hortan oso trebeak baitira politikari gehienak, denak zorro berean sartzera ausartzen naiz.
Interpreteok ongi dakigu hori. Hamaika aldiz gertatu zaigu hizlariaren hizkuntza ulertzen duen entzule batek guri galdetzea nola itzuli ahal izan dugun, berak ez baitu tutik ulertu. Orduan ohartzen gara esandakoa ia automatikoki itzuli dugula, eta kasu hoberenean hizlariaren ideia asmatu eta ulergarri itzuli dugula, dohain bati… ala zorteari esker. Bertsolariekin ordea, txundituta gelditu naiz : mintzaldi argia goitik behera, ulergarria, sakona eta… ederra ! Badaramatzate beren baitan ustez kontrajarriak edo uztarrezinak diren bi izaera : pragmatikoa eta artista.
Politikariak nekez aldatuko ditugu. Beraz, bertsolaritza susta dezagun, elkarte nahiz eskoletan… gure haurrek, biharko ikastoletan, beren ideiak plazara ditzaten… etorkizuna eraiki dezaten.