Bi kexa Asegarceri
Uztailaren batean deitu nuen telefonoz, Asegarceren webgunean agertzen zen telefono mugikorraren zenbakira, jakiteko zenbat balio zuten Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko sarrerek. Erantzun zidan gizonezkoak oso informazio txukun eta zuzena eman zidan, baina gaztelaniaz; nik galdetuta esan zidan ez zekiela euskaraz, edo nik behintzat hala ulertu nion, eta handik aurrerako elkarrizketa erdaraz izan zen halabeharrez.
Euskal pilotaren munduan gauza batzuek harritzen naute, bat da goraxeago kontatu dudana, alegia, telefonoan ez jartzea pertsona euskalduna, inor ez baztertzeko hizkuntza arrazoiengatik. Beste bat, apustu artekariak beti-beti gazteleraz aritzea; berdin-berdin da partidua Euskal Herriko herririk euskaldunenean jokatzen bada ere, antza denez, bost axola zaie eta soil-soilik erdaraz kantatzen dituzte apustuak. Dirudienez, euskarak ez du balio diru kontuetarako. Bide batez, eta bukatzeko, zur eta lur uzten nauen beste kontu bat da, ikustea, batzuetan, pilota enpresek jartzen dituztela botilero erdaldunak pilotari euskaldunei (euskara dunei) eta euskaldunak pilotari erdaldunei. Pentsatzen dut, hor arduradunek sentiberatasun handiagoa erakutsi beharko luketela euskararekiko.
Hitz gutxitan, esanen nuke, Euskal Pilotaren mundu honi dezente falta zaiola, benetan Euskal Pilota izateko.