Urko Jauregi, LABeko ordezkari sindikala CAFen

CAFeko Mugikortasun Plana

CAFeko errealitatea enpresa barrutik ezagutzen ez duen orok pentsa dezake mugikortasun gaietan ere abangoardian dagoen enpresa bat dela. Baino zoritxarrez errealitatea bestelakoa da gurean.

Paradoxikoa dirudien arren, nagusiki trenak egin eta distantzia plusa konpentsatzeko trenaren billetearen zenbatekoa ordaintzen duen enpresa honek, lanera etortzeko garraiobide hori bera erabili ahal izatea ukatzen die bere langileei.

Azken hilabeteotan hainbat neurri proposatu dizkiogu zuzendaritzari enpresarako joan etorriak arinagoak, seguruagoak eta ahalik eta auto pribatu gutxien erabiliz egiteko (CO2 isuriak gutxituz) baino erantzunik ez dugu jaso edo eta bestela ezezkoa izan da kasu guztietan.

Azken asteotan Enpresa Batzordetik berriz eskatu diogu Zuzendaritzari tren zerbitzua erabiltzen duen langile orori 15 minutuko sarrera-malgutasuna onartu diezaiola geltokitik lantegira oinez etorri ahal izateko (gaur egungo ordutegiekin korrika etorrita ere ez du astirik ematen). Baino beste behin ere ez dugu erantzunik jaso eta bitartean hainbat eta hainbat langile euren auto partikularra hartzera «kondenatzen» ditu.

Hau nahikoa ez eta lotsa gutxirekin, Mugikortasunaren Europar Astea dela baliatuz (aurtengo lema "Konexio hobeagoak" da), langileoi «garraiobide jasangarriak» erabiliz lanera etortzeko enpresen arteko lehia batean parte hartzea eskatzeko aurpegia dute. Berriz ere CAFen irudi berdea munduan zabalduz. Berriz ere postureoa nagusi.

Berriz ere Zuzendaritzari eskatzen diogu produkzioan diharduten eta garraio publikoa erabiliz lanera etorri nahi duten langileei ordu laurdeneko sarrera-malgutasuna onartu eta horrekin batera bizikletak uzteko estalitako gune gehiago eraiki, partekatutako autoentzako guneak beste aparkalekuetara hedatu eta benetan mugikortasun jasangarri bat bultzatuko duten neurriak hartzeko.

Recherche