Beñat Oiarzabal

Castellonera bidean

Urtero legez, urte garai honetan, Estatuko unibertsitate arteko txapelketak izan ohi dira, non Estatu mailako unibertsitate ezberdinetako makina bat ikasle kirol ezberdinetan lehiatzen baitira euren unibertsitatea ordezten. Lehiatzeko parada aprobetxatuz –tartean pare bat kreditu lortzeko aukera izanik–, hainbat dira txapelketetara aurkezten diren euskal ikasleak.

Aurtengoa ez da salbuespena izango EHUko ikasleontzat baina, aurreko urteekin alderatuz, izango dudesberdintasunik. Abangoardiaren, Ikerketaren, Garapenaren eta Berrikuntzaren Euskal Herriko Unibertsitateak ez die ezertxo ere ordainduko banakako kiroletan erregistratutako ikasleei, ezta garraio kostuaren ehuneko txikiren bat ere. Taldeko kiroletara mugatu dira. Kirol zerbitzuaren esanetan, ez omen dago aurrekontu nahikorik ikasleei txapelketa hauetara joateko aukera emateko; hau da, EHUk ordezkaritza talde bat izateko. Modu honetan, ikasleok, geure patrikatik ordaindu behar izango dugu bidaia, baldin eta txapelketan parte hartu nahi badugu. Bestalde, kirol arduradunen jarrera ez da ikasleok aurkeztutako nahiaren mailan egon; izan ere, gure gogoengatik ez balitz, ez lirateke hurbileko beste unibertsitateekin hitz egiteko prest egongo kostuak murriztuko lituzkeen bidai partekatu bat egiteko. Kontuan hartu behar da unibertsitatea dela bidaiaren plangintzaz arduratu behar dena eta txapelketa bakoitzeko delegatu bat bidali behar duela. Gure kasuan, kirolari batek hartu beharko du delegatu lanaren erantzukizuna derrigorrean. Laburbilduz, unibertsitateak inskribapenak baino ez dizkigu egingo: «Eman ta zabal zazu».

Azken urteotan agerian gelditzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatea kirolarekiko hartzen ari den jarrera axolagabea. Ikasle kirolariekiko duen malgutasun urrian islatzen da: klaseetara joateko zailtasunetatik azterketak aldatzeko ezinezkotasunera, aukera bakarra ebaluazio ez-jarraitua egitea izanik. Gogoan ditut oraindik unibertsitateko lehen eguneko aurkezpenean fakultateko dekano ordeak esandakoak: «Ez iezaiozue kirola egiteari utzi, ongi baitatorkizue ikasketetan zentratzeko eta egunerokotasunetik irteteko». Bada, zein da orduan EHUk kirolarekiko izan nahi duen proiektua?

Bere garaian, ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean burutzeko hautua ez zen diru kontu soil bat izan, euskal hezkuntza sistema publikoaren proiektuan sinesteak bideratutako erabaki estrategiko bat baizik; herria egin nahi izatearena hain zuzen ere. Beraz, urtetik urtera gure unibertsitate publikoa harrotasunez ordeztu nahi izateak bultzatzen gaitu txapelketa hauetan parte-hartzera. Horrexegatik ulertezina iruditzen zaigu EHUk hartutako erabakia. Tamalez, ez dut uste egoera hau kirol esparrura mugatzen denik, ezta errua –bere osotasunean– unibertsitatearena denik ere. Baina, nola salduko dugu bada Euskampusen nazioarteko bikaintasuna, munduan kokatzen ez bagara? Eta, orduan, nola kokatuko da EHU goi mailako ikasketen panorama globalean, bere ikasleek ordezkaturik ez bada? Hau al da, benetan, egun saltzen dugun abangoardiaren eta berrikuntzaren Euskal Herria?

Kontrakotasunez eta zalantzez beteriko korapilo batean, zein izango da EHUren etorkizuneko proiektua? Aurten erakutsi moduan, ez bada gai ikasleen konpromisoaren neurrian egoteko, maldan behera doan gurpila ez da I+G+b aldarrikapenekin geldiaraziko. Galdera asko sortzen zaizkit, baita beste hainbeste erantzun posible ere. Baina, azken batean, EHU bera da paradigma hauei erantzun beharko diona eta etorkizuneko proiektu lehiakorrei apustu egin beharko diena merezi duen bikaintasuna mantentzeko. Zein ote da gakoa? Pista pare bat: ausardia, anbizioa eta gazterian inbertitzea. Bien bitartean, gu, Castellonera bidean egongo gara…

Recherche