Marisa Urkiza I Beste guraso guztien izenean

Dagokigun institutua nahi dugu

Murgiako Institutuko guraso batzuk gara, eta honako hau adierazi nahi dugu:

Gure seme–alabek datorren ikasturteari begira, Mendebaldea Institutuan (haien erreferentzia zentroa) egin dute aurre-matrikula batxilergoko 1.maila egiteko, eta hara gure ezustekoa: behin behineko zerrendan ez dira onartuak izan.

Egoeraren aurrean, eta ezin sinesturik, Arabako Hezkuntza Ordezkaritzara jotzea erabaki genuen, eta bertan J. L. Aizpiri jaunak –zentroetako arduradunak– hartu gintuen. Erantzuna hauxe izan da: hitz goxoak... Laburbilduta, irakaskuntza publikoan leku bat izango dutela agindu digu.

Guk eskatzen duguna zera da: bizi garen herrian bizitzeagatik, dagokigun lekua eman diezagutela, Mendebaldea Institutuan, hain zuzen ere.

Herri txiki batean bizitzeak hainbat oztopo eta zailtasun dakarkigu, eta onartzen ditugu. Hala nola: egunero garraiobideari aurre egitea, etxetik kanpo seme-alabek bazkaldu behar izateak, hara-honako bidaietan denbora gehiago ematea...  eta abar. Hala ere, gure seme-alabek behar diren baldintza egokietan  ikasteko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Argi eta garbi dugu, orain arte izandako ikaskideekin erreferentzia zentroan (Mendebaldea institutuan) ikasteak garraiobidea gurasoen artean partekatzea errazten duela.

Ikasturtea ez da amaitu, eta gure seme-alabak aztoraturik daude egoera honegatik, eta patxada behar dute, behar bezala bukatu ahal izateko.

Honegatik guztiagatik, dagokionak bidegabekeria hau, ahalik eta azkarren, zuzen dezala eskatzen dugu.

Recherche