Lide Azkue | Euskadiko Esnearen Liga

Debekatuta bularra ematea Alondegiko Txikiland Mediatekan

Joan den azaroan, Bilboko Alondegiko haurrentzako Txikiland Mediatekan bi amari debekatu egin zieten seme-alaba nagusiekin jolasten ari ziren bitartean haur txikienei bularra ematea, esparru publiko horretako «bizikidetza-arauek» bularra ematea debekatzen omen dutelako, eta beste solairu batean dagoen edoskitze-gelara bidali zituzten.

Euskadiko Esnearen Ligaren izenean, gure babes osoa adierazi nahi diegu ama hauei eta beren haurtxoei, eta azpimarratu nahi dugu edoskitze-gelak bularra intimitatean eman nahi duten amentzat sorturiko hautazko guneak direla, horiek erabiltzea ez dela inolaz ere obligazioa, eta gune horien helburua ez dela edoskitzea «ezkutatzea».

Horrenbestez, Bilboko Udalari eskatzen diogu bere gune publiko guztietan amagandiko edoskitzeari buruz dituen arauak berrikusi eta alda ditzala, bularra emateak ez diolako inolaz ere bizikidetzari kalterik eragiten, eta bularra emateko debekuak, haurren eskubideak urratzeaz gain, beren sexualitatearen alderdi garrantzitsu bat normaltasunez bizi nahi duten emakumeak baztertu egiten dituelako.

Era berean, agintari eskudunei eskatu nahi diegu bularra ematen duten amentzako eta horien haurrentzako babes juridikoa garatu dezatela, ama guztiek haurrei bularra edozein lekutan eta edozein egoeratan emateko duten eskubidea bermatzeko, inork gaitzetsi edo kritikatu gabe. Izan ere, eskatu ahala bularra ematea aukera natural eta onena da haurraren eta amaren osasun fisiko nahiz emozionalerako, eta ez dakar inolako kalterik ez ingurunerako, ezta ingurukoentzat ere.

Recherche