Mikel Fernandez Minguez

Desorekak

Bartzelona, Girona edo Tarragonako karrikek, segur aski, oraindik gogoratzen dituzte orain dela hiru urteko gertakariak. Badira hiru urte gizarte katalana kalera atera zenetik, botoa emateko eskubidea erabiltze aldera. Jendea ere bada erreferendum hura legezkoa izan ez zelakoan daudenak, batetik, aldebakarrekoa (behin eta berriro ate joka zabiltzanean irtenbide bat lortzeko eta uneoro horri egiten diote uko...) izan baitzen eta, bestetik, konstituzio espainiarrean eskubide hori ageri ez baita. Nik dakidala, zorioneko konstituzio horrek dio herritar guztiok, esaterako, etxebizitza eta lan duina edukitzeko eskubidea dugula. Tamalez, kale gorrian eta lanik gabe dagoen jendea existitzen da, eta, honek adierazten du Espainiak, aipatuko ez ditudan beste hainbatetan bezala, legezkoa hitza erabiltzen du komeni zaionean. Ez dugu zertan gogoratu Polizia espainiarraren jokabidea erreferendumaren egun hartan. Legezkoa? Ez, harago, antidemokratikoa. Gainera, nor eta Espainia izan da kontsulta demokratiko bat indarrez saihestu duen Europako estatu bakarra (ezta Bielorrusian ere). Agintari katalanak ari dira betetzen zigor-kartzelak legetik kanpoko erreferendum bat antolatzeagatik. Alta, neurrigabeko biolentziaren erabiltzearen arduradunek, egun hartan, ez dute zigor bat ere jaso (seguruenez epe laburrean kondekorazioa izango dute). Finean, politika izan behar da guztion ongizatea eta nahia lortzeko tresna, eta, funtzio hau betetzen ez den bitartean, herritarrongan ezinegona eta herra eragiten dituzten desdoitze sozialak egongo dira. Desoreka hauek legezkoak ez direlakoan nago, hortaz, arduradunentzako zigorrak eskatzen ditut nik. Bukatzeko, artikulu hau idazten dut Kaledonia Berrian erreferendum bat burujabetza osoa lortzeko eta Frantziatik ateratzeko antolatzen den egunean. Herritarrontzako politikak egiten direnean desorekek desagertzeko joera hartzen dute.

Recherche