Ekaitz Oronoz

EH Kola edariaren faltsutzea

«EH Kola» faltsutze afera instrukzioan da Baionako auzitegian, eta auzibidea bizkortzeko xedearekin, «EH Kola – Euskal Herriko Kola» izen komertziala duen 3ORZ sozietateak auzia prentsan hedatzea erabaki du eta datu hauek adierazten ditu:

3ORZ sozietatea (3 Oronozen laburdura), 2003ko urrian sortu zen, eta «EH Kola – Euskal Herriko Kola» edaria merkaturatzen zuen. 2003an, Sanmy sozietateak zuen E.H.Kola botilan sartzen Kataluniako Terrassa hirian. Sozietate hau familiakoa eta independentea omen zen, eta beharrezko ekoizpen gaitasuna zuen. Edariaren errezeta edo kola errexina oinarria DOEHLER enpresa alemanak hornitzen zuen. 3ORZ sozietateko kideek EH Kola marka Frantziako INPIn erregistratu zuten eta Espainiako OEPMn.

Hastapeneko helburu nagusia banaketa sare bat eraikitzea zen Euskal Herri osoa estaltzeko, eta laster bete zen helburua jadanik zeuden edari-banatzaileen bidez. Sotero Etchandi edari banatzailea eta Nafarroako hautetsia 3ORZ sozietatearekin sartu zen harremanetan hastapen-hastapenetik. Sagardiko edariak sozietatea kudeatzen zuen, eta bereziki Mahou garagardoaren banaketa-sarean zen. Haren banatzaile lankideei esker, edariak Hego Euskal Herriko lau probintzietan bana zitzakeen. Beraz, 3ORZ sozietateak E.H.Kolaren banaketa Hegoaldean egiteko ardura utzi zion.

EH Kola edariaren paketatze nagusia ostatuetako berinazko botila kontsignatua zen, eta sistema horrek berinazko botila multzo handia eskatzen du. Izan ere, botila bat hustua delarik, berreskuratzen da, biltzen, botila betetzaileari igortzen, eta berriz salgai ezartzen. Beraz, salgai ezartzen den botila bakoitz hiru botila behar dira: bat merkatuan, bat erreserban, eta bat ekoizpenean.

Negozioa biziki ongi abiatu zen, eta bi urteko garapenaren ondotik, Sotero Echandik jakinarazi zuen ostatu eta elkarte askok Pepsi bazterrera utzi nahi zutela, baina ezin zutela, aldi berean PEPSICO taldearen laranjazko Kas eta limoizko Kas manatzen segitzen baitzuten.

Beraz, 3ORZ sozietateak Doehler enpresari galdegin zion laranjazko freskagarri bat eta limoizko freskagarri bat sortzea, eta laginak bikainak baitziren, Sanmy enpresari galdegin zion EHKren laranjazko eta limoizko bertsioen ekoizpena abiatzea.

Botila kontsignatuen multzoa hiru partetan zatitu zuten: kola, laranja eta limoia; arriskutsua zen, EHKolaren ekoizpenerako ziren botilak murriztuak baitziren horrela.

Freskagarriak eskuratzean, limoizkoa Doehler enpresaren laginaren araberakoa zen, baina laranjazkoa batere ez. Ekoizpena ezin saldua zen. Pilar Puertolas SANMY enpresaren zuzendari nagusiak Doehler enpresaren errezeta aplikatu zuela erran zuen. Ekoizpena aztertu ondoan, Doehler enpresak segurtatu zuen laginekin zen diferentzia Sanmy enpresaren fabrikazio prozesuarengatik gertatu zela. Hornitzaileek bat bestearen gain ezartzen zuten ardura, eta ekoizpena gelditua zen baita haren aldizkatzea ere (salmenta, botilen berreskuratzea, betetzea). Biziki fite, ostatuak hornidura eskasian gertatu ziren, eta EH Kolarik ez baitzuten gehiago, berriz ere kola «klasikoak» manatzen hasi ziren. 3ORZ sozietateak bezero asko galdu zituen orduan.

Gatazka horren ondotik, EH Kolaren ekoizpenaren ardura Nafarroako Gaseosas Lacunza enpresari eman zion 3ORZ sozietateak, EH Kola berriz bultzatzeko asmoarekin, baina kalteak handiegiak izan ziren eta abentura horretan gelditu zen 3ORZ enpresarentzat.

Sotero Echandi banatzaileak era bereko proiektu batekin segitu nahi zuen.

2009ko ekainean, 3ORZ sozietatearen arduraduna ohartu zen EH Kola oraino salgai zela. Sotero Echandi zen saltzailea. EH Kola etiketa ez zen aldatua izan, elementu grafiko berak zituen, eta 3ORZ sozietatearen izena eta helbidea agertzen ziren. Baina formula aldatua zen, edariak ez zuen gehiago gustu bera. Beste kola oinarri hornitzaile bati dei egin zion.

EH Kolaren sortzaileak Gaseosas Lacunza botila betetzailearekin eta Sotero Echandi banatzailearekin harremanetan sartu ziren EH Kola faltsua merkatutik kentzeko. Lacunza enpresak segurtatu zuen ez zekiela Sotero Echandi 3ORZ sozietatearen baimenik gabe ari zela, eta Dallant sozietatetik zetorren kola oinarriarekin ekoitzi E.H.Kola faltsuaren faktura guziak erakutsi zituen.

Sotero Echandik onartu zuen 12 000 euroko kalte-ordaina pagatzea (lau alditan ordaintzekoa), eta hitzeman zuen dena geldituko zuela, gatazka ez auziraino joateko. Lehen ordainketa egin ondoan jakinarazi zuen ez zuela gehiago pagatuko. Berdin zuen, E.H.Kolaren sortzaileen helburua ez zen dirua biltzea, baina faltsutzearen gelditzea.

2017ko ekainean, Hendaiako Sagarno Egunaren karietara, 3ORZ sozietatearen arduradunak ikusi zuen E.H.Kola salgai zegoela. Saltzen zuen elkarteari erosketa faktura eskatu zion: saltzailea Sotero Echandi zen.

Orduan 3ORZ sozietateak bilaketa soil batzuk egin ondoan, ikusi zuen E.H.Kola faltsuaren salmenta ez zela sekula gelditu. Ohartu zen EH Kola Euskal Herriko kola marka erregistratua izan zela 2006ko urrian Espainiako OEPMn. Ezinezkoa zirudien, 3ORZ sozietateak marka 2004an babestu baitzuen. Erregistroak erakusten zuen Ignacio Sancho Gilik zuela marka erregistratu; hau Sanmy enpresaren zuzendari teknikoa da eta Pilar Puertolas Sanmyko zuzendari nagusiaren senarra.

Laburbilduz, Sanmyk laranjazko EHK freskagarri salezina ekoitzi zuen; horrek zuen SANMY eta 3ORZen arteko gatazka sortu, ekoizpenaren gelditzea, E.H.Kolaren hornidura eskasia eta bere porrota. Ondoren Sanmyk Refrescat kola katalana abiatu zuen. Azkenik, Ignacio Sancho Gili Sanmyren zuzendari nagusiaren senarrak EH Kola marka erregistratu zuen Espainian, 3ORZ sozietateak sortu botilen etiketa erabiliz.

Botila faltsuetan «GG» zigilu-marka ikus daiteke, Gaseosas Gil botila betetzaile nafarraren produktuetan ikusten den bera.

Sanmy, Gaseosas Gil eta Dallant elkarte berean ari dira elkarlanean: Anfabra elkartean. Pilar Puertolas, Sanmyren zuzendari nagusia, elkarte horretako zuzendaritza batzordean egon zen freskagarri ekoizle handiekin batean.

Recherche