Erdara hutsa Eroskin
Azken hilabeteotan bizpahiru aldiz izan naiz Berriozar ondoko Eroski saltokian, eta, bitan gutxienez, gogoratzen dut entzun ditudala bozgorailuetatik emandako mezuak, gaztelania hutsean. Lehenengo aldian, ahozko kexa bat egin nion bertako arduradun bati gertaera harengatik, eta, esan zidan saiatuko zirela akats handi hura konpontzen, baina, nire zoritxarrerako, uztailaren batean izan nintzen bertan azkeneko aldiz, eta, orduan ere bizpahiru mezu entzun nituen modu berean, alegia, ahoz eta gaztelera hutsez. Ez nuen gogorik izan, berriz ere bertako arduradunen batekin aritzeko kexa berbera egiten, eta, horrexegatik erabaki nuen egitea gaitzespen publiko hau.
Honekin ez dut epaitu nahi zer egiten duen Eroskik beste leku batzuetan, baina, Berriozar ondoan dagoen hartan, behinik behin, nik eman dezaket nire lekukotasuna, gertaera horiek egiazkoak direla. Eta hori gutxi balitz bezala, esan beharra dago, aipatu dudan saltokian oso zaila dela langile euskaldunak topatzea; niri, behintzat, horrela suertatu zait. Erdaldun hutsak, bai, nonahi, baina euskaldunak (elebidunak), nekez.
Nik uste nuen Eroskiren helburu nagusietako bat zela pertsona euskaldunak zerbitzatzea, haiei lehentasuna ematea, beren etxean bezalaxe sentiaraztea eta abar, baina argi eta garbi dago, Berriozar ondoko Eroskin erosoago eta etxekoago senti daitekeela edozein pertsona erdaldun, euskaldunak baino. Ea noiz aldatzen dituzten gauzak eta egoerak beren arduradunek.