Jesus Mari Urbegain Zabaleta

Erraustegiari buruz galdetu. Zergatik ez?

Biztanleok sortzen dugun zaborra bideratu beharrak arazoak sortu ditu. Batzuk zabor kopuru bat birziklatu eta gainontzekoa eraikiko litzatekeen erraustegian erretzearen alde daude. Beste batzuen erronka, ordea, bestelakoa da, zabor gutxiago egiteko neurriak bultzatu, sortzen den zaborra modalitatearen araberan sailkatu, konposta egin eta birziklatzea.


Erraustegiaren aldekoek gutxietsi egiten dituzte zaborra erretzeak ingurumenean sortuko lituzkeen kutsadura eta errauts toxikoak, aintzat hartu gabe gizakiongan eragingo lituzketen gaixotasunak, asma eta minbizi mota desberdinak, alegia.


Aurreko Udal-gobernuak, EH Bildurenak, zaborra biltzeko sistema mistoa jarri zuen martxan, ingurumena, osasuna eta birziklapena bultzatuz, hau da, papera eta kartoiarentzat, ontzi arinentzat eta beirarentzat edukiontzi finkoak jarri zituen; Organikoa bakoitzak aukeratzen zuen nola egin: edukiontzi finkoan, konpostagunean edo astean hirutan zintzilikarioan utzi. Eta errefusa guztiok zintzilikarioan uzten genuen.


Gaur egungo alkateak, EAJko Koldobike Olabidek, EAJ eta PSE-EEko zinegotziekin batera, Gipuzkoan erraustegia eraikitzeko apustua bultzatuz, bertan behera utzi nahi du zaborra biltzeko eredu mistoa. Horretarako herri-galdeketa erabili nahi du. Galdeketa egiteko, ordea, herriko eragileekin, ELA, HIRU, LAB, USO, Zero Zabor, Arriurdin eta Hegialde elkarteekin, adostasunik ez du lortu. Aipatutako eragileek ez zuten bat egin erraustegiaren aldekoek, Alkateak, EAJk eta PSE-EEk osoko bilkuran onartutako galderarekin: «… zein bilketa sistema erabiltzea nahi duzu errefusa eta organikoa jasotzeko? Edukiontzia ala atez atekoa?»


Zaborra biltzeko edukiontzien sistema erabili nahi dutela jakina da. Baina Legazpin atez atekoa nor ari da eskatzen? Jakina da, halaber, gaur egun inork ez duela halako eskaera egiten. Beraz, horren aldeko bultzatzailerik ez badago, nola demontre galdetu daiteke ea nork nahi duen? Zergatik ez dute galdetzen ea Legazpin erraustegia nahi al dugun?


Zabor kopurua jaitsi eta birziklapena indartu beharrean erraustegiaren alde itsu-itsu ari dira. Beraiek jakingo dute horretarako arrazoiak zeintzuk diren, zergatik erabaki duten ingurumenaren kutsadura eta gizakiongan sor litezkeen gaixotasunak eta ondorioak arbuiatzea. Baina nabarmen gelditzen ari dira, itxura egiten ari dira, bestela nondik nora inork proposatu ez duenari buruz galdetu? Eta nola liteke galdeketa egin baino lehen beraiek bultzatzen duten edukiontziak zabaltzen hastea?


Birziklatzea betekizun moduan ikusi beharrean inposizio moduan hartu dutenekin zer espero daiteke?

Recherche