Haizea Arriola Prieto | Bilboko Ernaiko kidea

Eskaparateen atzean

Bilboko kaleetan barrena, multinazional modernoetako eskaparateei begira jarri naiz: ipurdi ezinhobea egiten duten push-up bakeroak salmentan, ostrukak bezain hanka luzedun manikiak, kolonia soil bat saltzeko akrobaten neurriko posturak egiten dituzten emakumeen iragarkiak…

Kristalez kristal, sentsazio itogarri batek hartu dizkit barrenak. Edertasun eredu bat eta bakarra ikusten dut eskaparate hauetan eta nire gorputza ez dator horrekin bat. Pixkanaka, frustrazioa haserre forma hartzen hasi eta galdera bat etorri zait burura: zein momentutan erabaki nuen eredu hori jarraitu nahi nuela? Inoiz ez. Ez dut inoiz erabaki nire izterrak handiegiak direnik, ezta ilea lekuz kanpo dagoenik nire goputzean, ezta nire aldakak zabalegiak direnik. Nik ez dut erabaki, sistema kapitalista heteropatriarkalak inposatu dit.

Inposizio honetan neska gazteak gara kaltetuen irteten garenak. Gaztaroa estereotipo zurrun hauetan enkajatu nahian ematen dugu, gure burua behin eta berriro zalantzan jarriz. Perfekzioaren mamuak etengabe jarraitzen gaitu eta batzuetan mamua izateari utzi eta jan egiten gaitu, gure bizitzak goitik behera prekarizatuz. Izan ere, patriarkatuarentzat ez gara inoiz nahikoa ederrak izango.

Eta zein irteten da irabazle guzti honekin? Multinazionalak. Sistema heteropatriarkalak aurrera jarraitzeko oinarrizko elementua direnak, gazteon miseriarekin jolastu eta esplotatzen gaituztenak. PNVren udaletxeak eredu hau bultzatzen du, Bilbo hiria multinazionalek esplotatu eta turistek kontsumitzeko produktu bihurtzen duena, auzoen beharrak alboratuz. Eta noski, postaleko hiri honetan neska lodi, arrazializatu, iletsu… azken finean, errealak, ez gara ongi etorriak.

Baina badago alternatiba. Eraiki dezagun denon artean, txikitik eta kolektiboan, auzoz auzo osatutako hiria, bazterretako identitateak zentrora ekarriko dituena, ikuspegi feminista azaleko mezuetan baino, sakonki eta integraltasunez txertatuko duen hiria. Eraiki dezagun neska* gazteok prekarizatzeari utzi eta bizitza erdigunean kokatuko duen hiria.

Recherche