Eskerrik asko bizitzaren azken fasea goxatzeagatik eta bizia ematen jarraitzeko aukerarengatik
Zein zaila egiten den hitz egokiak topatzea emozioak pil-pilean daudenean; baina, bi hitzek laburbildu dezakete guztia kasu honetan: eskerrik asko! Idatzi honen bidez jaso gure esker ona, egin duzuen lanagatik, eta erakutsitako profesionaltasunagatik: Zumarragako Ospitaleko langileak, aipamen berezi batekin: Barne-medikuntzakoak, Zainketa aringarrietakoak eta Etxeko ospitalizaziokoak. Zumarragako Ospitaleko, Zumarragako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuetako teknikariak, Donostia Ospitaleko organo transplante unitatea, ZIUko langileak eta Osakidetzako psikologoak. Mila esker ere zendu berri den aitarekin kontaktua izan duzuen beste profesional guztioi ere.
Banan-banakoan eskertutakoa argitaratu nahi izan dugu, zuen lana goraipatzeko, zuen zerbitzuak behar dituzten baliabideak bermatzearen aldeko aldarria zabaltzeko, eta, etorkizunean zuen lana sendotzearen aldeko animoak emateko. Gustatuko litzaiguke guk jasotakoa behar dutenek jasotzen jarraitzea.
Heriotzera bideratzen duen gaitza goxatzea, ez da erreza, ez; ez gaixoarentzat, ezta ingurukoentzat ere. Baina; lortu duzue gordintasunean argi izpiak ematea, eta, guretzako itsasargi izatea. Lortu duzue aitaren prozesua bere nahien arabera garatzea. Lortu duzue inguruan egon garenoi beharrezko baliabideak ematea. Azken finean, lortu duzue heriotzari duintasuna ematea.
Ospitalean oso ondo zaindua egon da gure aita, eta, gu ere bai. Baina, azken prozesua etxean bizitzeko aukerak ez dauka preziorik. Bedeinkazio gisa jaso genuen zaintza aringarrietan sartzeko pausoa, eta, ondoren, etxeko ospitalizazioaz baliatzeko aukera.
Aitak gertukoen epeltasunean bizi nahi zuen geratzen zitzaion bizitza apurra. Nahien artean ere bazegoen medikazioa ahalik eta urrunen mantentzearena. Bukaera arte kontziente izan nahi zuen, kordea bere horretan mantendu. Bizitzaren muturreraino bizi nahi izan zuen berak. Eta, halaxe egiteko aukera izan zuen, zuek guztiok horretarako aukera eman zeniotelako. Nahiak nahi, organo emaile izateko erabakiari ere tinko eutsi zion. Organo-emaileen unitateko koordinatzaileak, eta, ZIUko langileak bikain aritu zineten zeregin horretan.
Aipaturiko guztiagatik, mila esker denoi! Aita harro dago zuetaz guztiotaz, eta, gu ere bai. Bejondeizuela, eta, jarraitu gaixoen, eta, ingurukoen prozesuak, argitzen, arintzen, eta, goxatzen.