Maialen Mujika Izaguirre

Esperpentoa

Ez nau izutzen murgilduta gauzkaten negu inposatu honek. Ez naute izutzen aurpegira botatzen dizkiguten gezur zein erdi-egi aguztiek. Ez nau izutzen hor goian dabiltzan guzti horien erabakien pisuak. Ez naute izutzen egunero telebistan agertzen diren guzti hoien irribarre sarkastikoek. Ez nau izutzen manifetan isilarazi gaitzaten amenazu egiten diguten merzenario guztien odol-grinak . Ez gaizki ulertu. Izutzen nauena elurraren pisuaz udaberrian loratu gabe gera daitezkeen lore kimuak dira. Izutzen nauena altura hauetan gezurrak batere disimulurik gabe botatzeko duten modua da, sutileza guztiak sobran dituztela uste izatea. Izutzen nauena herriaren isiltasuna da, eztarri afonikoei fobia diet. Izutzen nauena gaur egun gizarte hobe bat lortzearren insomnioak jota beharko luketen hoiek, arte dramatikoetan duten abilezia itxuraz 'berezkoa' da.

Izutzen nauena martirioa sentzat, izate-eredutzat hartu eta kalera ateratzen ez diren guzti horiek kontzientzia isilarazia da. Esperpentoaren jokuan murgildu behar badugu, murgilduko gara. Rol-jokoetan abantaila daukagu, lasai gaitezen. Inoiz jendearen erreakziorik espero ez duten horiek sinis dezatela denak berdin jarraituko duela, ez dezatela ezer espero herritarren eztarri zein erraietan. Horrela eztanda egiten dugunean biluzik eta ipurdibistan harrapatuko ditugu, mimiketara jolasten akaso.

Recherche