Iñigo Satrustegi | Eunateko ikasle ohia

Eunateko Irakasleei

Gaur izan dut "Eunateko elkarbizitza kolokan D ereduaren eta hezkuntza publikoaren kaltetan" idatziaren berri. Ezin ukatu pena eta amorrua sentitu dudala sinatzaileetako batzuk nor zineten ikustean. Urteak dira Eunaten ikasteari utzi nionetik, bai eta auzo/gazte/ikasle mugimenduak utzi nituenetik, baina, hala ere, uste dut zilegi dela nire iritzia «kanpotik», eta posizio argi batetik adieraztea.

Era berean, esan beharra daukat harritu egin nauela idatziaren edukiak berak. Lau parrafo eskasetan ezer gutxi aipatzen duzue benetako arazoari buruz. Bizikidetza, begirunea eta tankerako hitzekin bete zaizue ahoa, eta ematen du zuen burua publikoki zuritzeko D ereduaren eta hezkuntza publikoaren pankartaren atzean ezkutatu zaretela.

Arazorik badago, zuen arazoa bera konpontzeko jarrera ezak elikatu duelako izan da. Nik dakidala bizikidetza biren arteko asuntoa da, baina batek entzungor egiten badu, noski bizikidetzarik ez. Eta begiruneaz ari zaretela, bi hitz: ze errespetu klase da zuena, ikastetxeko ikasleei biltzeko eta adierazpen askatasuna ukatzen diena?

Kamerarik gabeko Eunate batean ikasi nuen nik. Eta hori hala izan bazen, nire aurreko belaunaldiei esker izan zen. Izan ere, gogora ekarri nahi dut kameren afera ez dela berria gure auzoko ikastetxean. Ez, orain hamar bat urte kamerak jartzeko saiakera egon zen, eta orduko ikasleen presioari esker ez ziren ezarri. Eta espero dut, gaurko ikasleei esker datozenek ere kamerarik gabeko Eunate batean ikasiko dutela.

Kamerekin josi duzue Eunate, dena ikusi ahal izateko, baina ematen du ez duzuela arazoa non dagoen ikusi nahi.

Recherche