Maiteder Martin Arana

Euskal Herrian, ikasketak euskaraz

Klaseak hasi eta hilabete geroago, inor ez ezagutzearen eta unibertsitateko ikasketak hasteko urduritasunak atzean utzirik, etxetik kanpo ikasten dugunok dagoeneko sumatu dugu ikasgela barruan euskara falta. Beti euskaraz ikasi dugunoi, benetan arraro zaigu urte batetik bestera, D eredutik A eredura pasatzea, batez ere hitz teknikoei dagokienez; Matematikan, Fisikan eta Biologian ere bai. Eta Euskal Herritik kanpo ikastekotan, normala irudituko litzaidake euskaraz ikasteko aukerarik ez ematea. Baina Euskal Herri barruan, unibertsitate publiko batean eta Nafarroan euskara hizkuntza ofiziala izanik, euskaraz ikasteko aukerarik ez egotea? Hori da logiko eta bidezko ikusten ez dudana.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskarazko programa dutela diote, nahi izanez gero euskaraz ikasterik baduzula, eta egia da, bai, baina soilik Iruñean dagoen unibertsitatean ikasiz gero. Izan ere, eskaintzen dituzten graduetako bi (Diseinu mekanikoko ingeniaritza eta Fisioterapia) Tuteran jarri dituzte eta gradu horiek euskaraz egiteko aukerarik ez dago. Eraikin eta hiri desberdinak badira ere, unibertsitatea bera da; beraz, batean zein bestean euskaraz ikasteko aukera berbera egon beharko litzateke hemen ere. Ni neu, adibidez, Iruñeko euskalduna izanik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko aukera edukiko nuela uste nuen, baina nire karrera Tuteran jarri duten horretan nahi nuena ikasi ahal izateko, bertara bizitzera joan behar izan dut, euskaraz ikasteko aukerari uko eginez. Dena den, bertan gauden ikasle euskaldunen artean euskaraz aritu ohi gara beti, Euskal Herriko ikasleak bildu garelako bertan, nafarrak barne. Eta Nafarroako euskaldunak garenok, euskalduntasunaren gora-beheran besteak adinako euskaldun garela badakigu. Horregatik ez dugu etsiko Euskal Herri osoan euskaraz ikasteko aukera eskura eduki dezagun.

Recherche