Edurne Alegria Aierdi

Euskaraldia dela-eta

Iritsi da Euskaraldia eta hor ikusi ditugu hainbat agintari eta erakundeetako ordezkari, argazkietan irribarretsu ekimena sostengatuz. Ez dakigu euren burua ordezkatzen duten soilik edo eta euren alderdia edo erakundearen izenean azaltzen diren herritarren aurrean. Sinetsi nahi dut ETBko arduradunek eta kazetariek, adibidez, aintzakotzat hartuko dutela ekimenaren helburua, hots, euskararen erabilera bultzatzeaz gain euskaldunen hizkuntz jarduna errespetatzea eta euskaraz elkarrizketatzen duten hori ez dutela espainolez hitz egitera «gonbidatuko»: orain gaztelaniaz esango al zenuke euskaraz esandakoa?

Urteak dira EITBko zuzendariei eskatu diegula euskal hiztunei espainolez hitz eginarazi ez diezaieten: sinadurak bildu ditugu, publikoki gutunak eta eskaerak bidali dizkiegu, baina gaur arte entzungor egin diote gure erreguei. ETB2-ko berri-emankizunetan eta programetan gure herriko abeltzainak, baserritarrak, arrantzaleak, kaletarrak, ikastoletako haurrak espainolez hitz egiten entzuten ditugu ETBren eraginez. Hain zuzen, euskara suspertzeko sortu zen tresna.

Beraz, PRESTa gaitezen Euskaraldiaren espirituak blaitu ditzan Euskal Herriko bazter guztiak, administrazio eta erakundeetatik hasi eta jendarte osoaren muineraino, zeren jakin badakigu hizkuntza bat galdu egiten dela nonbaiten BIZItzeko beharrezkoa ez bada.

Recherche