Miren Edurne Salinas Ramos eta beste hamar pertsona *

Euskararen balioa Ezkabarten: Udalak baztertu du

Ezkabarte harana Iruñerrian kokaturik dago; hamaika herrik, bi jaurerrik eta 1.637 biztanlek osatzen dute. Euskarak, Ezkabarten ere bere balioa du. Hamaika herrietatik bederatzitan euskaldun hiztunak bizi gara, heldu zein haur. Gaur egun, ikasteko adinean dauden haur hauetariko asko D ereduan ikasten ari dira eta ez dira gutxi, azken 20 urte hauetan D ereduan oinarrizko ikasketak burutu ondoren, unibertsitatean eta Lanbide Heziketan euskaraz aritu direnak.

Baina Ezkabarten euskeraz mintzatzea ez da soilik gaur egungo joera, alegia 1.612an ere horrela aritzen ziren. Peio Monteano Serbet ikerlariak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian egindako aurkikuntzak horixe bera baieztatzen du; bertan, Arreko gazte batzuek 1612. urtean abestutako bertso sorta idatziak aurkitu bait zituen. ( 2018. urtean bertso hauek berrituak eta musikatuak izan ziren).

Hona hemen entzuteko aukera. (https://www.youtube.com/watch?v=KagB0qwtWzk)

Bertso hauek, ahozko herri literatura euskaldunaren balio handiko aleak dira. Aurkikuntza honek argi eta garbi egiaztatzen du euskera Ezkabarteko hizkuntza izan dela bai 1.612an baita gaur egun ere. Izan ere, Ezkabarteko herrietako kaleetan herritar aunitzok gure egunerokotasunean euskara hizkuntza erabiltzen dugu.

Hizkuntzak kultur aberastasun adierazle bikainak dira, eta Ezkabarteko euskaldun hiztunok harro gaude, Europako hizkuntzarik zaharrena elkar haremanetan erabiltzen dugulako.

Ezkabarteko Udalak ordea, gurea den hizkuntza babestu, sustatu eta kultur erakusle gisa hartu ordez, gurea den hizkuntza baztertu eta, euskararen erabilpena oztopatzeko udalean baldintza berria ezarri du. Orain arte idazkariarekin euskaraz aritzeko eskubidea bermatuta baldin bazegoen, Udaleko plantila organikoan euskara jakitea eskatzen baitzen, osoko bilkuran hartutako azken erabakian behar hori kendu dute hau da, hemendik aurrera plantila organikoak ez du bermatuko euskaldunok euskaraz aritzeko aukera.

Bazterketa honen aurrean Ezkabarteko euskaldunok aukera bakarra dugu; sentitu, pentsatu eta ekin. Euskaraz hitz egin. Ezkabarteko karrikak egunero euskaraz bete dezagun.

* Sinatzaileak: Miren Edurne Salinas Ramos, Itsaso Vilchez Esain, Iñaki Jimenez Salinas, Garazi Sainz Aznal, Ainhoa Petricorena Gamio, Maider Vilchez Esain, Mikel Olleta Mugeta, Ivan Alastuey Zabalza, Larraitz Andueza Gil, Estibaliz Subiza Iribarren eta Maite Salinas Jiménez.

 

Recherche