Yolanda Viadero, Imanol San Pedro, Saioa Ugarte, J. J. Agirre, Maider Irizar, Txekos Legorburu eta Saioa Yus | Lakuako ELAren Berdintasun Lantaldeko kideak s

Euskararen erabilerari oztopoak Eusko Jaurlaritzan

Igaro den otsailaren 28an Genero-berdintasunaz saio bat antolatu genuen Lakuan; langile guztien hizkuntza eskubideak bermatze aldera, aldibereko itzulpen zerbitzua eskatu genion Hizkuntza Politika Sailburuordetzari, eta HPS-k baietz… Alabaina, Jaurlaritzako beste egitura boteretsuago batetik zangotraba egin ziguten.

Debekutik debekura

Lan Harremanetako Zuzendaritzak debekua ezarri zigun, argudiatuz Lakuan ezin genuela egin «prestakuntza sindikal saiorik».

Debekuaren aurrean, «prestakuntza saioa» ez, baina «langile-batzarra» egiteko baimena eskatu genuen premiaz, eta horretarako baimena eman zigun ostera (batzar-ordu mugatuen kaltetan hain zuzen). Alabaina, itzultzaileak gurekin harremanetan jarri ziren hurrengo egunean, harrituta, euren parte hartzea bertan behera geratzen zela ohartarazi zietelako HPStik.

Antolatzaileok artean ez genuen beste debeku horren berririk, baina HPSra deituta, erantzun ziguten aldibereko itzulpen zerbitzua eskuratzeko debekua ezarri ziela Lan Harremanetako Zuzendaritzak.

Jaurlaritzak euskaltzaleoi zangotraba?

Lan Harremanetako Zuzendaritzari luzatu genion debekuaren zergatiaz galdera, baina ez digute erantzun oraindik ere.

Euskararen erabileran urratsak (aurrera) emateko prest gauden erakundeoi, lagundu barik trabak jartzen bazaizkigu, zelan gura du Jaurlaritzak euskararen erabilera normalizatu?

Jaurlaritzan zeharkakoak dira genero-berdintasuna eta euskararen normalizazioa?

Genero berdintasuna eta euskararen erabileraren normalizazioa zeharkakoak balira, oztopoak barik, laguntza eta babesa jasoko genituen Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Tamalez ez da horrela izan.

Martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Jaurlaritzak, lehenago Euskaraldia sustatzera deitu zuen legez, baina Genero berdintasunaren alde euskaraz egitekoa zen saio bati, babesa eman ordez oztopoak jarri dizkigu bata bestearen atzetik.

Oso kezkagarria iruditzen zaigu jazo dena, eta gertatutakoa salatzeaz gainera, gustatuko litzaiguke gure gutunak Eusko Jaurlaritzaren baitan hausnarketa eragitea.

Recherche