Adur Lizasoain

Ez dadila haria eten

Poz handia hartu nuen iragan igandean Durangoko Ezkurdi pilotaleku beltz eta eraberrituan piztu zen giro aparta ikustean. Bi neska, bi gazte, bi pilotari puska nor baino nor; eta harmailak, mukuru beteak. Gure kirolak zerbait badu zoragarritzat hauxe da: jokalari milioidun eta jatorri susmagarria duten atzerriko inbertsio kirasdunetatik at dagoela; xumea bada ere, herrikoia, gurea, izaten jarraitzen duela. Eta hala bedi.

Bi pilotari hauek Amaia Aldai eta Goiuri Zabaleta ziren. Lehena, azken bi urteetan ere txapelaren jabe egin ostean, zen faborito argia. Primeran jokatu zuen. Enegarrenez erakutsi zigun atleta bat dela, fisikoki koxka bat gorago dagoela besteekiko. Tenperamentu handia du gainera kantxan, baita irabazle sena ere. Merezita eraman zuen berriz txapela Dimara. Bejondeiola.

Ez dut, baina, hasierako tantuetan ederki jokatu zuen eta gerora ere tantu ikusgarriren bat utzi zigun 14 urteko leitzarrari laudoriorik egin gabe utzi nahi hau. Bikaina da teknikoki, pilotaria jaio den horietakoa. Ziur naiz txapel mordo bat jantziko dituela; ziur naiz erreferente bat izango dela haur askorentzat. Hau idazten ari den pilotazale honek adin horrexekin erantzi zituen takoak azkenekoz tokezko pilota mugitu ere egiten ez zuelako; jarrai dezala gozatzen berak nire partez.

Idatzi honen fina, dena den, beste bat da, partiduaren nondik norakoa anekdota huts bat dela uste baitut: nik jokatzen nuen garaian«marimutil» edo«lesbi» bezalako isekak jaso behar zituzten orduko Amaia edo Goiuriek, zerbait arrarotzat ikusten zen eta neska batek«mutilentzako» zen joko hau praktikatzea. Sozialki baztertuak izateko arriskua bizitzen zuten gure pilotaleku, ikastetxe eta kaleetan. Amorrua ematen zidan primeran jokatzeaz gain kantxan asko disfrutatzen zuten kide horiek kirolez aldatu behar zutela ikusteak. Euskalduna ez da beti izan sexuen arteko bereizketa borrokatzen zuen jendarte bat, ez genekien feminismoa zer zen ere.

Beno, ba amaitu da hori zorionez. Egun, ongi jokatu eta elastiko serigrafiatuak janzteaz gain, telebistaz ikusi ahal zaie eta jende asko gara interesa dugunok produktu polit honengan.

Amaia Aldaik ez ezik, pilotak berak ere irabazi zuen txapela igandean. Baita, akaso, euskal gizarteak ere pixkatxo bat. Aurrera goaz. Bejondeigula ba guri ere.

Eta ez dadila haria eten.

Recherche