Patxi Aznar Bellido

Fashion

Bi Olanoren arteko eztabaidan Markel Olanok aurrerapen ikur bezala errauskailua aipatu zuen, baieztapen hori emandako argudioa indartzeko erabili zuen; hau da, hegoaldeko Europan ez dago halako eraikuntzarik, bere ustean errauskailuak herri aurreratuenetan bakarrik daudelako  Gai honetan herri aurreratuenekin konparatu nahi izanez gero, azpimarratu behar da herri horiek urtero hondakinen arloan egiten dituzten benetako ahaleginak. Adibidez, Alemanian ontzien ekoizleek bakarrik gobernuak baimentzen dietena ekoiztu dezakete; bide horretatik ziur nago Alemania aurreikusita duen moduan 2020rako zero zaborrera iritsiko dela. Zoritxarrez Europako herrialdeek birziklatze arloan egiten dituzten ahaleginak ez daukate zerikusirik Gipuzkoan EAJ-PNV-k egiten duenarekin; esate baterako, Gipuzkoan gehien birziklatzen duten herriekin (2013an,10herri hartuta) zerrenda bat osatuko balitz, Eaj-Pnvk agintzen duen herrietako bakarra ere ez litzateke agertuko, alderdi horrek gobernatzen dituen udaletan birziklatze tasak eskasak direlako (%50era ez dira iristen). Tasa horiek badira Europa hegoaldekoak! Are okerrago, Tolosako PNVko alkategaiak iragarri duenez, bere alderdiak hauteskundeak irabaziz gero, beste neurrien artean merkataritza txikiei zabor bilketa pertsonalizatua kenduko die. Biba elkartasuna! Hori gutxi balitz, Andoaingo EAJ-PNVk 2016 arte errefusa-edukiontziari ez dio txipa jarri nahi, irekiera librea izanda ere. Adibideak asko dira, beraz zer da Markel Olanorentzat zabor bilketaren alorrean esfortzu handia egitea? Materia organikoa ondo birziklatzen duenari %20 hobaria ematea? Barkatu, Markel, baina nik horri adarra jotzea deitzen diot ez dakit zuek nola deituko diozuen. Europan garai batean modan egon ziren errauskailuak kentzen ari direnean (Danimarkako kasua), gurean ezarri nahian dabiltza aurrerapenaren izenean. Fashion izatekotan hartu olatuaren gailurra: zero zaborra.

Recherche