Mari Carmen Azpiazu Macho

Gerrako haurrei omenaldia Santurtzin

Joan den hilaren 20an prentsan irakurri nuen eskultura bat inauguratu zela Santurtzin, gerrako haurren omenez. Izan ere, 1936ko gerra zibil izugarriaren ondorioz portu horretatik Europako hainbat estatutara joan ziren hainbat haur.

Ekitaldiko gonbidatuek, irakurri dudanez, oso egoera mingarriak kontatzen dituzte, inoiz inork bizi behar ez lituzkeenak, eta, are gutxiago, haurrek.

Egoera hori gure amak bizi izan zuen, Agapita Macho Pagolak, 98 urtekoa, 2940 etiketa-zenbakiarekin agertzen dena (12 urte Sestaotik) “Los niños vascos evacuados a Francia y Bélgica-Historia y memoria de un exodo infantil, 1936-1940” Jesús J. Alonso Carballésen liburuan; eta ez zen ekitaldira gonbidatua izan.

Atzo oraindik galdetu nion amari ea itsasontziaren izena gogoratzen zuen eta erantzuna automatikoa izan zen: “Vapor Habana”. Mina barruan darama.

Ia astebete itxaron behar izan dut gutun hau idatzi ahal izateko tristuratik eta bihotzetik egiteko, eta ez suminetik.

Bihar amak irakurriko du, eta ziurtasun osoz ulertuko du. Bere baimenarekin baino ez da argitaratuko.

Agur bero bat.

Recherche