Karlos Aretxabaleta «Txapel» | Euskara irakaslea

Go on home

Urteotan, hileotan, asteotan, izugarrizko zurrunbiloa bizi izan dugu Brexita dela eta ez dela; honezkero britainiarrak zorabiatuta egongo dira. Badirudi azkenean Europatik alde egingo dutela. Etxeko nagusiei gai honi buruz itaundu ondoren, eurengandik jasotako erantzuna nahiko argigarria izan zen: Bejondeitsiela.

Hala ere, esan beharra dago hau auzi hau ez dela atzo goizeko edo bartarratseko ametsa. Britainiar kontserbadoreen isolazionismo eta subiranotasun nazional txakur-gosea prisma desberdinetatik aztertuko bagenu, berehala konturatuko ginateke historikoki defendatu duten inperialismo ekonomiko horren aurka egiten ari direla; oharkabean, beharbada. Baten batek zapaldu ote zuen Tory alderdiaren handiustea Cameron presidente ohiak kontsulta egitera bultzateko? Libera esterlinak ezinezkotzat jo al du –dagoeneko– neokapitalismo 2.0 berri honi aurre egitea «nazio berdinen» artean?

The Wolfe Tones talde irlandarrak horrelaxe jaso zuen abesti ezagun batean: Go on home British Soldiers Go on home, Have you got no fucking homes of your own… Bada, Europatik badoaz, bai; tamalez, ez dirudi Ipar Irlandatik alde egiteko asmoa dutenik, ezta munduko bazterretan dituzten 17 kolonietatik ere. Deskolonizazio batzordearen gorabeherak. Erresuma Batuak nekez aurki lezake bere lekua munduan, apika.

Esandako guztiarekin ez dut oportunista izan nahi, nire herenamona Liverpoolekoa baitzen. Bere kasuan, Euskal Herrira etorri eta Lemoizeko (Bizkaia) marinel batekin ezkondu zen. Andrakaseko sorgina deitzen zioten, ez omen zuelako bere lekua aurkitu behi eta baserri artean XX. mendeko hastapenetan. Gauzak horrela, nire arbasoek euren Brexit partikularra gauzatu zuten; lehenengo eta bat, Ingalaterrara bueltatu ziren –nire birraitona hantxe jaio zen–, eta gero Mexikora. Noizbait, herrimina agertuko zitzaien ate joka, azkenean Euskal Herrian sustraitu baitzen Cross Stevens abizena.

Go on back esan zioten nire amonari Liverpooleko senideek. Eskerrak azken momentuan nire arbasoei damutu zitzailea «Brexit familiar» hura; izan ere, ehun urte igaro ondoren bere hereniloba iritzi hau euskaraz idazten ari da, eta Lemoizetik nahiko hurbil barriz. Erresuma Batuko biztanleei damutuko ote zaie?

Recherche