Txarli Mugika, Igor Sagarna ‘Bizkai’, Santos Azpiroz, Joxe Antonio Mitxelena I Girizia zikloturista taldeko kideak. Oiartzun

Gure esker ona, Markel, Mikel, Amets, Haimar... Aupa zuek!

Aizak, hi!, irakurri al duk Markelek gaur GARAn atzoko etapetaz idazten duena? Bestearen erantzuna. Ez, ez diat oraindik irakurri, egun osoan nahiko lanpeturik ibili nauk eta ez diat egunkariari begirada bat botatzeko astirik izan, baina etxera joandakoan irakurriko diat, seguru igandekoa bezain interesgarria izango dela eta.

Ba, ez zekiat zer esan, igandekoa Ametsena polita zuan baina gaurkoa… uff, kristorena duk, hunkigarria eta polita aldi berean, txapela kentzeko modukoa, gorputzean zirrara eragiten duten horietakoa, edonori oilo ipurdia jartzen duenetakoa alegia. Nik behintzat ez nian imajinatzen fazeta horretan hain trebea izango zenik arkatz bat hartuta horrelakoak idazteko. Hori duk hori artista izatea, hau bizikleta bezain ongi moldatzen duk ordenagailu baten aurrean. Meritua zeukak bai, nahikoa ez Aspen, Tourmalet eta Luz Ardiden igo eta 160 kilometro egurrean egitea eta hotelera etorri, masajea hartu eta ziaz!, zaletu eta irakurleei bizipoza emateko prest. Hori duk hori tipo jatorra izatea.

Hi, portzierto, igandekoan zertaz ari zuan ba, ez nian irakurri eta? Ba igandean Ametsek bota zian ia seguru bezala datorren urtean Euskal Herriak euskal txirrindulariz osatutako talde berri bat izango duela, alegia, Euskaltel Euskadiren mailakoa. Bai zera, hi brometan ari haiz erantzuten, dio besteak. Ezetz, egia dela, ostia! Ondokoek ere sartu gara eztabaidan, denok daukagu zerbait esateko dezibelioak gora egiten duten bitartean. Elkarrizketa hau elkarteko afari batean bertako zikloturista anarkiko batzuen artean emandakoa bada ere, edozein elkarte, taberna, etxe edo txokotan eman daitekeena dela pentsatzen dugu, GARAk eta ‘Berria’k, Markel, Amets, Mikel eta beste txirrindulari batzuen umore eta abileziari esker Euskal Herriko itzulian, Giroan, Tourrean edo eta Espainiako itzuliaren harira eskaintzen diguten zutabeak, txirrindularitza bere osotasunean maite dugunontzat oso erakargarriak direlako.

Mundu horren barruan ezkutuan gertatzen diren hainbat gertakari eta bitxikeri interesgarri, horrela, imajinazio eta umore pittin batekin, hauek kontatzen duten bezala kontatzea, guretzat behintzat ia tropelaren barruraino hurbiltzea ere badelako. Beraz, mila esker Markel, Mikel, Amets, Haimar… eta ea datorren urtera begira, besteak beste, Ametsek igandekoan zioen zurrumurru hori amets izatetik errealitatea bihurtzen den. Hori izango litzatekeelako euskaldunok egunkari bateko zutabe batean irakurri dezakegun notiziarik pozgarriena. Ea horrela den. Bitartean, aupa zuek eta eutsi goiari!

Recherche