Gure larrialdi zerbitzuei gure eskerrik beroena
Anartz Muxika Andres - Orereta Ikastolako hirukotearen izenean
06/12/2019

Goizean goiz ikastolan gelditu ginen hiru lankideak Gasteizen genuen Pertsonen Kudeaketa eta Barne Komunikazioko ikastarora elkarrekin joateko.

Orio inguruan izan genuen istripua. Albisteetan atera zen, zazpi bat kotxek talka egin eta hainbat kilometrotako ilarak izan omen ziren.

Eskusoinua bezala, erabat tolestuta geratu ginen: atzeko eta aurreko kotxeei itsatsita. Trafiko sailetako iragarkietako panpinak bagina bezala ibili ginen aurrera, atzera, aldeetara… Tartean, garrasiak; eta airbag-ak, ikusi genituenerako, jada hustuta zeuden. Usaina ere betiko gogoratzeko modukoa. Ondo ote ginen bata besteari galdetu ostean, lehenbailehen 112ra deitu genuen.

Eta orduan Maite eta Jose iritsi ziren, anbulantziatik jaitsi eta «¿Cómo estás, corazón?», ondo ote ginen galdetu eta ikusi, eta beren lanean hasi ziren: batzuk oinez atera ginen, besteak esku-ohean immobilizatuta... Iñakik eta taldeko beste suhiltzaileek gutako bat atzetik atera zuten.

Ertzainek ere oinarrizko datuak goxo-goxo eskatu zizkiguten, gainontzekoak aurrerago egingo genituela esan ziguten: «Lasai, orain ez da momentua».

Anbulantzian, ospitalerako bidean, Maitek bere berokia utzi zigun hotza genuela eta berotzeko, mantak gainetik jarri, goxatu… Josek bere umorea atera zuen, gu lasaitzeko asmoz.

Ondoren erietxean jaso gintuzten, leihatilan, eta berehala hasi zitzaizkigun probak egiten, harik eta Igorrek alta eman zigun arte.

Hezkuntzan aritzen garenok zaintza zein garrantzitsua den ustez badakigu. Joan den astekoak bakarrak ez garela garbi utzi zuen. Sekulako profesionalak dira artatu gintuzten guzti-guztiak: errepidean, anbulantzian eta ospitalean bidelagun izan genituenek, beren lana bikain egiteaz gain, beste koxka bat gorago daudela erakutsi ziguten: hitz goxoak aukeratu, negar egiteko sorbalda eskaini, ferekatu, umore puntua gehitu… Finean, enpatia izugarria eta maitasuna agertu.

Ezin dugu hitzez azaldu zenbateraino eskertzen dizuegun jaso genuen arreta, zein garrantzitsua den zuen lana eta, batez ere, zein garrantzitsuak zareten zuek zeuek. Harrotasun osoz diogu sekulako taldea daukagula larrialdi-zerbitzuetan.

Bihotzez eta esker onez.

Articles
Iñaki Egaña
25/01/2020
Maika Armendariz
25/01/2020
Gorka Martija y Marije Etxebarria
24/01/2020
Lettres
Karlos Aretxabaleta «Txapel» | Euskara irakaslea
24/01/2020
Txabi Txakartegi Etxebarria | Sare Gernika-Lumoren izenean
24/01/2020
Maria Solar | Portavoz de EH Bildu en el Ayuntamiento de Barakaldo
24/01/2020
Manu Ballesteros
23/01/2020
Derniers posts
Martin Garitano
24/01/2020
Martin Garitano
23/01/2020
Martin Garitano
22/01/2020
Martin Garitano
21/01/2020