Aritz Soloeta Garmendia, Otxandio

Harro izateko arrazoiak

Euskal Herria ate birakarien paradisu bilakatu da. Klase agintaria oztoporik gabe dabil politika eta enpresa publiko zein pribatuen arteko joan etorrian. Azken urtetan kapitalista neoliberalek aginte demokratikoaren menpe izan denaren gaineko botere osoa eskuratu dutela begibistakoa da.

Osasungintza, hezkuntza, energia, garraio, telefonia...

Lau hamarkada luzez ia etenik gabe agintaldian izan den Eusko Alderdi Jeltzaleko alderdi buruek esaterako, erakunde publikoetako langileei, beraien lanpostuetan independentzia osoz jarduteko aukera bahitu diete. Hala, oraindik ere ohikoa da Ertzaintzak langileek antolatutako manifestaldietan sindikalista bati sudurra nola hausten dion ikustea. Jarraian, zenbait agintari, gertakarien irakurketa desitxuratuena egiteko hedabide publikoak bozgorailu gisa erabiltzen dituztela aditzeko.

Bizi baldintzak txartu egingo direla onartzera behartu nahi gaituzte. Langileak langile gisa biltzen gaituen indar metaketa bat falta delako beharbada. Baina herritar guztiok osatzen dugun egungo gizarte-klasean, langileak gara gehiengo. Eta harro izateko arrazoiak ez zaizkigu falta. Izan ere haurrak zaindu, arraina porturatu, altzariak eraiki, edota publizitate testuak idazten ditugunean, gizartea bizirik iraunarazten duen katearen parte bilakatzen gara.

Recherche