Joseba Otano Villanueva, Administrazioan Euskaraz Taldea

Haur eskolak: Mendebaldea auzoan, euskarazko eskaera %0tik %42,41era

2025eko abuztuaren 19an Iruñeko Udalak hedabideetan zabaldu zituen haur eskoletan izandako aurre matrikulazioen datuak. 2025eko irailaren 25ean Nafarroako Gobernuak jakinarazi zion gure taldeari Nafarroako Gobernuaren Iruñeko haur eskoletan aurrematrikulazio datuak. Beraz, horiek oinarri, hauxe da datuen gure azterketa.

Lehenengoa. Iruñeak haur eskola gehiago behar ditu. Iruñeko Udalaren haur eskoletan eskaeren erdiak baino gehiago plazarik gabe geratu ziren.

Bigarrena. Auzo batean euskarazko eskaintzarik ez badago, euskarazko eskaera desagertzen da, baina, hain zuzen ere, horrexegatik da. Nolabait, ezkutatuta geratzen da. Mendebaldea auzoan argi ikusi izan da hori. Iaz, euskarazko eskaintzarik gabe, eskaerak %0 izan ziren. Aurten, euskarazko eskaintzarekin %42,41 izan dira euskarazko eskaerak. Gaztelaniazko eskaintza lehendik ere bazuen auzoak, auzo guztietan bezala.

Hirugarrena. Oro har, aurten euskarazko eskaintza gehiago izan da. Horrek euskarazko eskaeraren gorakada eragin du. %19,18 izan zen iaz eta %25,16 aurten (%5,98 gehiago). 339 izan ziren iaz eta 691 aurten. Igoera nabarmena, gure ustez.

Laugarrena. Auzo batzuetan euskarazko eskaintza izan da eta beste batzuetan ez. Gaztelaniazko eskaintza auzo guztietan izan da. Euskarazko eskaintza izan duten auzoetan euskarazko eskaerak %40,69 izan dira (iaz baino %1,62 gehiago). Mendebaldea bihurtu da euskarazko eskaintza duen beste auzo bat. Zalantza eduki genezakeen: ba al da Mendebaldea auzo egokia, euskaltzaletasunari dagokionez? Baietz da erantzuna. %42,41 izan da euskarazko eskaera hor (hau da, euskarazko eskaintza duten auzoen batez bestekoa baino zerbait handiagoa izan da). Ez da arrazoi bakarra izan baina horrek lagundu du euskarazko eskaintza duten auzoetan euskarazko eskaerak izan duen %1,62ko gorakada horretan.

Euskarazko eskaerak horrela banatu ziren: Txantrean (%52,76), Arrosadian (%47,73), Buztintxurin (%43,90), Mendebaldean (%42,41), Alde Zaharrean (%38,54), Lezkairun (%37,14), Sanduzelain (%35,37) eta Arrotxapean (%25,35).

Bosgarrena. Euskarazko eskaintza areagotu behar da, orain ez duten auzoetara hedatuta. Hau da, Azpilagaña, Donibane, Mendillorri, Bigarren Zabalgune eta Etxabakoitz auzoetara. Eskaintzarik gabe, eskaririk ez; aztertutako datuek argiki erakusten dute.

Seigarrena. Euskarazko murgiltze eredua (ez ikastetxe mistoa) soilik Txantrean daukagu, Izartegi Haur Eskolan. Auzo horretako eskaeren gehiengo absolutua lortu du. Euskara ez da gaur kaleko hizkuntza nagusia Iruñean. Horrexegatik, beharrezkoa da euskararen irakaskuntza baldintza egokietan eskaintzea. Eredu mistoek euskarazko eskaera badagoela erakutsi dute. Baina murgiltze ereduak erakutsia du eredurik eraginkorrena dela euskara barneratzeko. Beraz, euskarazko murgiltze eredua zabaldu egin behar da. Behar diren haur eskola berrietan sarrera erraza izanen luke, borondate politikorik balego.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche