Maite Barrón Aduriz | Kijera Gaztetxeko Haurguneko guraso erabiltzaileen izenean

Haurrak kale gorrian

Parte Zaharra, Erdialdearekin batera, biztanleko jolas-parke metro karratu gutxien dituen auzoa da. Auzoan ez da ez haurgunerik, ez kultur etxerik, ez eta egun euritsuenetarako ere aterpe estalirik. Kijera gaztetxeko kideek kolektibo ezberdinekiko sentikortasuna agertu dute, txiki-txikienei ere lekua eskainiz. Hala, guraso talde zabal batek, gure seme-alaben garapen oso bat ahalbideratzeko elkarren artean espazio berezi bat eraikitzeko aukera izan dugu, Kanpandegi kaleko Kaialde eraikuntzan. Hau, 11 urtez hutsik egon ondoren. Espazio hauen egokitzapenean, txikien segurtasuna eta higienea bermatzeko beharrezko neurriak hartu dira, eta horretarako arkitekto, arotz, igeltsero, iturgin, elektrizista, eta abarren laguntza izan dugu. Hala, azaroaren 27an Haurgunearen ateak nahi izan duen familia orori zabaldu zaizkio arratsaldero. Familia ugari bertan bildu dira bereziki egun euritsuetan, batez beste 50 haur beraien guraso eta arduradunekin batera. Balio horien guztien gainetik, Udalak gaztetxea desalojatzeko ebazpena hartu du. Dirudienez, bertan haurrekin jarduerak egin direlako larrialdiko kanporatze prozedura ezarri du. Haurgunean halako arriskurik ez dela eta larrialdiko kanporatze prozedurak zentzurik ez duela iruditu arren, gaztetxearen kaleratze bortitza ekidite aldera, Haurguneko jarduerak behin-behinean etetea erabaki dugu. Arazoak, baina, konponbide gabe jarraitzen du. Gure seme-alabak publikoak behar luketen espazio eta ekipamendu gabe aurkitzen dira berriro ere. Kijera gaztetxeak, hain zuzen, beharrizan hauek betetzeko gaitasuna du, eta era berezian gainera: autogestioan, elkar-egintza eta elkar-hezkuntza bultzatuz, berrerabilera sustatuz, betiere ingurumena errespetatuz, genero berdintasuna landuz… Honenbestez, balio hauek guztiak aintzat hartuz, Kijera gaztetxearen kaleratze espedientearen itxiera eskatzen dugu; bai eta, auzo bizigarriago baten alde, Gaztetxeko kideei eraikinean aisialdira begirako joera kultural batekin jarduten jarraitzeko baimen juridikoa ahalbideratzea ere, denon artean elkar hezteko leku bat eraiki ahal izan dezagun.

Recherche