Haurreskoletako arduradunei
Iker Urtiaga naiz Emilia Zuza haurreskolako (Santurtzi) langilea. Pertsona arrunta, bizkaitarra, Haurreskolak partzuergoko hezitzailea, eta arazoen sortzailea ezaugarri nagusiena duena, mutila naiz.
2015ko azaroaren 3an ekografia batean parte hartzeko eta erditze aurreko ikastaroan parte hartzeko eskaera bidali zuen nire eskolako kordinatzaileak Haurreskolak partzuergoko pertsonal zerbitzu sailera. Hamar minutu pasata, erantzun hau jaso genuen:
«Egun on, Jessica:
Ostegun honetarako baimena dauka beharrezko denborarako, bikotekideari laguntzeko medikura, eta ordu horiek berreskuratu egin behar ditu. Baimen hori den orduan ikusita, jakinarazten dizugu ez dela ordezkatuko.
Bestalde, erditze aurreko ikastaroetara joateko ez daukala baimenik jakinarazten dizugu, gure Lan Hitzarmenak ez du aurreikusten baimen hori eta. Kontutan izan ikastaro hau ez dela mediku kontsulta bat.
Besterik gabe, jaso agur bat. Iker»
Haurreskolak partzuergoak helburuen artean familien eta lan munduaren arteko elkar aditzea dauka. Baina helburu hori bakar-bakarrik haien famili «bezeroentzako» lortu nahi duen helburua da. Bere lankideek ez daukate ez familian, ez bizitza pribatuan inolako oztoporik eta ez dute bi horien arteko elkar aditzean inolako beharrik. Hori da behintzat Haurreskolak partzuergoaren jardueratik eta erabakietan ondorioztatu dezakeguna, edo behintzat nik ondorioztatzen dudana.
Hurrengo martxoan aita izango naiz eta orduan hasi naiz bost hankadun animali berdea sentitzen. Nire eskubideak eskuratzera abiatu naizenean trabak topatu baititut. Jakin badakigu danok, haurdunaldian zehar Osakidetzara bisitak oso anitzak eta zabalak izaten direla; amagina, ginekologoa, ekografiak, analisiak... eta hauek guztietara joateko eskaera egin eta jasotzen dudan erantzuna hartu eta «laguntzaile» gisa joan behar naizela. Erantzun hau, irain gisa hartzen dut. Ez naiz laguntzailea aita baizik. Eta enpresak onartu edo ez…, aitatasunaren nahia, beharrak eta eskubideak aurretik hasten dira. Aita izan nahi dut, aitatasunaren eginbeharrak egin nahi eta behar ditut eta horretarako nire eskubideak ez dira errespetatzen. Noski laguntzaile hitza gehituta emandako orduak berreskuratu behar ditugu, eta oso ados ez banago ere, nire medikua ere badelako, pozik hartu behar dut nire seme-alabaren ekografian parte hartu ahal izango dudalako. Eta bai! ondo idatzi dut, parte hartu eta ez lagundu.
Generoaren afera gizartean, eta nola ez gure enpresan, garrantzi handiko gaia da, eskubide urraketen afera delako, batik bat emakumenganako nagusiki, baina baita gizonontzako ere. Danok baikara galtzaileak. Sexismoaren eragina arlo eta pertsona guztietara heltzen da. Neska edo mutila izateagatik jendarteak eta gure enpresak ere, etiketa bat ezarri egiten digu eta horren arabera arauak ere ezartzen dizkigu.
Bitxia da, behintzat, 11 urte duen enpresa gazte batean, hezkuntza mundukoa, generoaren afera helburu transbersal bezala duena, haur eta familien inplikazio eta errespetua helburu duena…, haurdunaldian zehar aitaren partehartzea laguntzailea deitzea, eta oraindik ere larriagoa, erditze aurreko ikastaroan partehartzeko baimena ez ematea, ezta laguntzaile gisa ere. Eta erabaki hau hartzearen arduradunarentzako mezu bat daukat, nik ikastaroan parte hartuko dut, ez lagundu. Erditzean ere nire partaidetza ere garrantsitzua delako, ez da laguntza. Bakoitzak bere papera izango du bertan eta nik, bertan, nire papera ere badaukat eta horretarako prestatzeko eskubidea badaukat. Enpatia ezagutzatik dator, entzutetik eta bizipenetatik, partzuergoak berak prestatu dituen ikastaroetan bidaltzen den mezua jarraituz, beraz, koherentziaz jokatu, utzidazue nire bizipena izaten, nire eskubide osoa delako.
Jendartetik gizonoi eremu pribatuan partehartze, enpatia eta interes handiagoa eskatu egiten zaigu. Baina, oso pertsona gutxik bide hori hartu nahi duela, egia bada ere, eta oraindik ere, bide luzea dagoela dakidan arren, instituzioek araudiak prestatu behar dituzte, behintzat aldaketa nahi duten pertsonek eskubide izan dezaten. Eta arlo publikoak honetan eredu izan behar du. Inolako zalantza barik!
Haurren errespetua, familiekin enpatia, prebentzio arlotik komunikazioaren onurak... eta abar luze bat aipatu ahalko nuke. Baina non dago Haurreskolak partzuergoan zuen lankieekiko errespetua? Noiz errepetatuko da pertsona oro? Partzuergoak ekonomia argudiatuz gure eskubide asko urratzen ditu eta jarraituko du egiten, baina gure aitatasuna ez errespetatzea beste pausu erraldoi bat da, gure enpresa, «konpetitibo eta eredugarria» izateko. Hau da, enpresa zapaltzailea izateko.
Gutun honekin nire haserrea adierazi nahi nizuen eta berriro ere, erabakia birplanteatzeko eskatzen dizuet. Lotsagarria iruditzen zait puntu honetara heldu behar izatea... Baina argi dago kanpokoei exigitzea oso erreza bada ere, lehenengo gure etxea aldatu beharko dugula, gure aldaketatik etorriko baita jendartearen eraldaketa, eta gure haur eta familientzako eredu izango gara, gu baikara haurrek ezagutzen dute lehengo instituzioa. Eta oso barnetik sentitzen badut ere, ez gara inoren eredu izateko moduan, genero aferan behintzat.
Aurreko lerroetan bost hankadun animali berdea sentitzen nintzela aipatu dut. Egia esateko hitz hauek idaztean konturatu naiz. Giza eskubideak errespetatzen ez dituzuen horiek zaretela animali berde bost hankadunak. Nik aita izan nahi duen pertsona bat naiz, beharbada Haurreskolak partzuergoan erditze aurreko ikastaroan parte hartu nahi izan duen lehenengo mutila izan naiteke, edo beharbada askotan gertatzen dena, izkutuan eginiko paktuak eginda gizon horiek parte hartzeko aukera izan zuten, tamalez, hau askotan gertatu ohi delako esaten dut. Nire helburuak hitz hauek ikastaroan parte hartzea da baina ez inolako paktu ezkutu baten eraginez, baizik eta legedia aldatzeko martxan jarri zaretelako, zuek baitzarete horren arduradunak.
Bakarrik espero dut nik, partzuergoan behintzat, hau sufritu dudan azkenengo persona izatea. Ez argudiatu mesedez, lehengoa izan naizela eta ekin zuen lanari.