Herri polisarioa
Saharako errefuxiatu kanpamentuetara joanda, goiz batean Rabunira eraman gintuzten, Museo Nazionalera. Bidaide baten bidez, museoko gidariak jakin zuen idaztea maite dudala, eta aparteko txoko batera eraman ninduen; eskuorri zahar bat erakutsi zidan, Polisarioaren zigilua zeramana. Ez du datarik, baina 1973an edo 1974an idatzia behar du, eta, segur aski, Tindufen egina. «Tindufen egiten genituen horrelakoak», gehitu zuen museoko gidariak. Eskuorriaren mezua, ezin argiagoa: «Geure buruaren defentsan, gure lurraldean aske eta independente bizitzeko eskubidea defenditzeko borrokatuko gara».
Polisarioaren eskuorria Rodriguez de Viguri kapitain espainolari haren etxeko atearen azpiko zirrikitutik sartu zion norbaitek, gauez eta azpikeriaz. Espainiako Armadaren erantzuna: atxiloketak, baita torturak ere, «ekintza» horren egilea nor zen atzemateko. Baina Saharako esaera batek dioenez, gaueko hitzak... egunak eramaten ditu. Sahararrek erranairu hori gogoan zutelarik, espainolek sekula ez zuten asmatu nor izan zen ekintza ausart haren egilea, eta nork egina zuen ezkutatzeko lana hain izan zen aratza, non egun inork ez du jada gogoan. Izan ere, gau horretako ekintzaren egilearen izena –urteak joan, urteak jin– betiko eraman du basamortuko haizeak.
1973ko apirilaren hondarrean gazte saharar horiek Mauritaniako Zuerat izeneko herrian bildu zirenetik, eta maiatzaren 10ean beteko dira Fronte Polisarioaren sorrera aldarrikatu zenetik; handik hamar egunera, 1973ko maiatzaren 20an, lehen ekintza armatua egin zuten, Janguet Quesat-en Espainiako Armadak zeukan muga-postuan: Polisarioko kideen artean, Brahim Gali izeneko gazte saharar bat…
50 urte iraganda, Brahim Gali bera Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea dugu eta Fronte Polisarioak bi urte daramatza Marokoren armada okupatzailearen kontrako gerran berriz ere, komunikabide nagusiek ezkutatutako gerran; Fronte Polisariok duintasunaren aldeko borrokan tinko jarraitzen du. Aise da ulertzen zergatik deitzen zaion Saharako herriari herri polisarioa.