Hezkuntza Sailaren ebaluazio diagnostikoaren kontraesanak
Hogeita hamabost urte ba daramatzat irakasten eta egunero harritzen nau familia baten batek –sikiera– ez deitzeak nire lanagatik azalpenak eskatuz. Izan ere, pentsatu nahi dut beren seme-alabari etxean galdetzen diotenean «zertan ibili zareten, laztana, gaur egun eskolan» eta nerabeak, begiak mugikorretik altxatu gabe, goiza eman dugula izen sintagmak hausnarketan edo erlatibozko esaldiak ehizan adibidez erantzuten dienean kezkatuko direla. Batez ere ikusten badute gaztetxoarekiko komunikazioa ia nulua dela eta mutiko edo neskato horrek «bai», «ez», «en plan» edo «sin más» batez gurasoek zabaldu nahi dituzten berarekin hitz egiteko ate guztiak ixten dituela.
Zentzuzkoena izango litzateke kontatzea (baita gogo biziz ere, edo motibarazita behintzat) irakurtzen, entzuten, hitz egiten, idazten, argudiatzen, deskribatzen... aritzen garela. Azken finean, Hizkuntza ia kirol-diziplina gisa entrenatu daitekeen eta entrenatu behar den trebetasuna delako.
Ikasturteko une honetan kontatzen dizuet pelikula hau, aste honetan Burdinibarra BHIn eta hainbat institutotan DBH 2ko ebaluazio diagnostikoa burutu da eta. ISEI-IVEIk diseinaturiko froga horiek aipatu dugun Komunikazio konpetentziak eta beste batzuk neurtzen dituzte.
Oinarrizko kontraesana dago horrelako probetan baloratzen denaren eta ikasgeletan garatzen dugun kurrikuloren artean. Badakizkigu PISA, ED eta gainerako kanpoko ebaluazioetako galderak, baina gure eguneroko klase orduetan nahiago dugu ikastea, prestatzea (hamarkada batzuk daramatzagu horrela) sartzen ez direnak. Ikasleak ditugu bizikleta baten piezak arretaz aztertzen eta apenas uzten diegun hartaz gozatzen. Heziberrik trebezietan oinarritzen zen hezkuntza bultzatzekotan zegoen baina geletan e da islatzen helmuga hori: hausnartu beharko genuke zeri ematen diogu garrantzia irakasgaietako programazioetan eta, bereziki, zerk beharturik: inertzia, sistema...
Diagnosi on baten bila bagabiltza paradoxa hau gainditu beharko genuke eta urtero errepikaten den porrotak (ulermen terbezian batez ere) ezinbesteko gogoeta bat eraginarazi beharko luke.
Eta larriena, ranking eta estatistiketatik haratago, garapen pertsonalerako ezinbestekoak diren gaitasunen garapena oztopatzen ari garela da: gure munduaren mugak gure hizkuntzaren mugak direla esan ohi da. Hor utziko dut.