Patxi Aznar Bellido

Hondakinak eta benetako inposatzaileak

Orain gutxi (EHko) komunikabide batek bost politika-gizonekin antolatutako txatean pertsona batek Markel Olanori galdetu zion, ea prest zegoen errauskailuari buruzko erreferenduma egiteko; eta Markelek ezetz erantzun zion errauskailuak Batzar Nagusietan gehiengo zabala lortua zuelako. Egia da, garai hartan Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko planak (PIGRUG) Batzar Nagusietan aldeko bozka asko jaso zituela, baina kontu hartu behar da gaur egun Batzar Nagusitako talderik handiena (51 diputatutik 23 dituena) garai hartan legaltasunetik at zegoela. Hauxe esan nahi dut: gaur egun, Batzar Nagusietan errauskailuari buruzko bozketa egingo balitz, errauskailuaren proiektuak aurrera ateratzeko moduko babesa lortuko luke, baina gehiengo zabaletik urrun geratuko litzateke. Konparatzen badugu errauskailuak Batzar Nagusietan jasoko lukeen babesa, Atez Ateko Sistemak martxan dagoen Gipuzkoako edozein herritan duenarekin, zalantzarik gabe azken honek adostasun handiagoa du. Bestalde, egia da, Karlos Ormazabal jaunak (EAJ-PNV) bere garaian errauskailuaren defentsarekin egin zuen moduan, egun, EH Bildu atez ateko sistemaren defentsan gehiegi tematu dela. Edonola ere, horren harira, Atez Ateko Sistema solidarioa dela gogoan izatea komenigarria da, hots, ingurumenarekiko errespetu handikoa izateaz gain, kutsatzen duenak ordaintzen du. EH Bilduren hautagai Xabier Olano jaunak iragarri duenez, hauteskunde ondoren gai honi buruzko kontsultak egingo dira, jeltzaleek, ordea, ez dute errauskailuari buruz inori galdetu nahi. Beraz, nortzuk dira inori galdetu gabe benetan euren ideiak denoi inposatzen dizkigutenak? Gai honetan zalantzarik baduzue egunkariak nire e:maila emango dizue.

Recherche