Hurbileko takoiak
Kasualitatea izango ez zelakoan, galdetu egin genuen, eta horra hor erantzuna: ETBko programa horretako emakume guztiak, burutik hasi eta oinetaraino, irudiez arduratzen den norbaitek “janzten” zituela egunero. Ez omen autonomiarik, edo kontu horretan behintzat, erabakitzeko aukerarik.
Hau irakurtzen duzuenok ongi dakizue, jakin ere, horrelako zapatak ez dituztela gizonek janzten; 10 edo 15 zentimetroko takoiak dituzten zapatak emakumeek, eta edade batetik azpikoek batez ere, eramaten dituztela. Jakin dakigu, baita ere, horrelako oinetakoek mina eragiten dutela; hausturak eta zaintiratuak; deformazio asko, eta abar luze bat. Hori gutxi balitz, pauso laburra eman behar maiz, martxa ez segurua eta ez egonkorra, belaunetako higadura…
Beno, baina emakume aurkezle horiek oso pauso laburrak ematen dituzte takoi horiekin!!; oso espazio mugatuan ikusten ditugu!!!. Agian, hala da, baina orduan, zertarako eta zergatik ez dituzte Urko edo Andoni ere takoiekin jartzen?
Ez dugu ezer berririk esaten irudiak ez direla inozoak badiogu. Ideiak, estereotipoak eta, kasu honetan, neurri edo modu estetikoak ere transmititzen dituztela irudi horiek, gauza jakina da: Takoi modu horiek artifiziala denaz gain, emakume eredu bat erakusten digute: zango luze luzeaz (pretty woman) irudi sexualizatua, emakume horien eginkizuna (eguraldia iragartzea, besteak beste) bigarren mailako “asuntoa” bilakatuz. Janzkerak, eta, kasu honetan, takoiek hartzen baitute garrantzia: luzeak, handiak, hurbilak…
Edade bat dugun emakumeoi maizegi aurpegiratzen digute gure duintasunaren defentsan urrutiegi joaten garela; garrantzirik ez duten detaileez mundu bat egin nahian gabiltzala; kontu inportanteagoak ditugula jendartean, baina guri ez zaigu ahazten inoiz, egiturak, pentsamoldeak, agintea… pausoz pauso moldatzen direla, eta oihalek milaka hari txiki tartekatuz ehun eta egiten direla; ez zaigun ahanzten moduan, emakumearen gorputza (oraindik ere, eta zoritxarrez) eremu publikoa dela, gure izaera eta duintasun oinarrizkoena desitxuratuz.