Jaione Iraola Rozas

Ibardingo IX. Igoera: batzuen aisia, bertzeen sufrimendua

Datorren ekainaren 7an eginen da Ibardingo IX. Igoera. Gure etxea errepide bazterrean dago. Bertan bizi da gure ama, 91 urtekoa. Bere osasuna kaxkarra da eta laguntza teknikoak behar ditu (gurpil aulkia, ohe artikulatua, komun egokitua, etabar). Horretaz gain, burua ez du ongi, eta ohiko errutinak eta inguru ezagunak beharrezkoak ditu.

Gure etxetik 100 metro ingurura, goranzko noranzkoan, kokatzen dute irteera eta asistentzia gunea, 50 metro ingurura, beheranzko noranzkoan, etxea bien artean geldituz. Tarte horretan irteera hartzeko esperoan egoten dira kotxeak, ilaran. Motorrak eta gurpilak berotzeko azaleratze zakarrak, jarraituak eta biziak egiten dituzte, gure etxeko atarian izugarrizko zarata sortuz, ia egun guztian zehar.

Nahiz eta teorian hori ekiditeko neurriak hartzen diren, errealitatean, lehiaketa dirauen bitartean, zarata jasanezina dago etxean eta amak ez du hori aguantatzen. Hortaz, bere etxetik kanpo eraman behar dugu egun guztian, bere egoera kontuan izanik, horrek suposatzen duenarekin. Hau gutti ez balitz, 2017ko lasterketaren bezperan, gauez, kotxe batek etxearen kontra talka egin zuen eta 2021ean, bertze batek lasterketaren egunean. Batzuen aisia bertzeen sufrimendua.

Bai antolatzaileei, baita Berako Udalari ere, honek igoera baimentzen baitu, urtero eskatu diet lasterketa ez burutzea edo egitekotan, gure etxea erdian ez gelditzeko moduan antolatu dezatela, behintzat. Orain arte ez dut lortu, ea aurten lortzen dudan. Eskertuko nizueke zorte ona opatzea. Nik zeuen burua antzeko egoera batean ez ikustea opa dizuet!


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Recherche